Itxaso LEON - Peli LEKUONA - Hegoi BELATEGI
KOSTERA ABIAN DA GIPUZKOAN ETA BIZKAIAN

Berdel gero eta gutxiago ageri da; antxoa izan daiteke aukera

Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleentzat kostera abian da. Berdel kuota 21.000 tonakoa da, baina gero eta gutxiago arrantzatzen dute espezie hori, nagusiki Europako iparraldeko herrien gehiegizko arrantza dela-eta. Antxoari dagokionez, gure ekonomian eta jendartean duen garrantzia nabarmendu du Gipuzkoako Kofradiak.

Arrantzaleak, Hondarribiko portuan antxoa deskargatzen, joan den martxoaren 13an.
Arrantzaleak, Hondarribiko portuan antxoa deskargatzen, joan den martxoaren 13an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Europa iparraldeko herrialdeak behar baino berdel gehiago arrantzatzen ari dira», hala baieztatu zuen atzo Lakuako Arrantza sailburuorde Leandro Azkuek NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleek 21.000 tonako berdel kuotarekin hasi dute kostera. Baina, aditzera eman dutenez, gero eta gutxiago arrantzatzen dute espezie hori. Azkuek Europako iparraldeko herrien gehiegizko arrantza aipatu zuen faktore gisa.

Zalantza nagusi da. Iragan den urtean, Bizkai eta Gipuzkoako kofradiek enkantean 8.461 tona berdel jarri zituzten, hau da, 2023an baino %29 gutxiago. Eta joan den astera arte «nahiko kezkatuta» egon direla aitortu zuen EAEko Arrantza sailburuordeak. Berdelaren datak aurrera zihoazen eta azaldu gabe zegoen bertako kostaldean. Baina aipatu zuen astearte honetan harrapaketak «normalagoak» zirela nolabait eta «lehorreratze handiak» izan zirela. Batez ere sarearekin arrantzatzen duten flotetan gertatu zen hori, ez ordea amua erabiltzen dutenen kasuan, badelako flota bat Bermeon eta Hondarribian berdela amuz harrapatzen duena, eta horiei gehiago kostatzen ari zaie arrain hau arrantzatzea.

Hastapen kaskar honen arrazoi nagusia azaldu zuen Azkuek: azken bost urteak salatzen daramatzate Europako iparraldeko herrialdeak berdela nola arrantzatzen ari diren. Behar baino gehiago ari direla baieztatu zuen, zientzialariek gomendatzen dutena baino gehiago. Besteak beste, Norvegiako eta Islandiako ontziekin gertatzen da hori. «Horrek eragina dauka gure kostaldeetara iristen den berdel kopuruan. Arrainaren migrazio zikloa iparraldetik Galiziara doa udaberrian, eta gero berriz iparralderantz martxa egiten du. Migrazio ziklo horretan, iparraldean behar den baino gehiago arrantzatzen bada, horrek guregan ere eragina dauka», azaldu zuen.

Horrekin batera, zientzialariek aipatu dute berdelak erreproduzitzeko zailtasunak dituela. AZTI zentro teknologikoarekin elkarlanean ikertzen ari dira bai uraren tenperaturak eta bai ziklo aldaketek espeziearen ugalketan izan dezaketen inpaktua. Baina Arrantza sailarentzat arazo nagusia da berdel gero eta gutxiago ageri dela euskal kostaldean.

ANTXOAREN ETA BERDELAREN ALDEA

Begirada atzera botata, duela hamar urte bertan behera gelditu zen kanpaina. Aurten halakorik gerta daitekeen galdetuta, Azkuek erantzun zuen ikusi beharko dela. Antxoaren eredua, adibidez, berria da, eta duela bost bat urte itxita egon zen horren kostera, ustiapen desegokia tarteko. Ordukoan, arrantzale gehienek eskatu zuten hala egiteko, geldialdi baten beharra nabaritu zutelako itsasoan.

«Errazagoa izan zen adostea», adierazi zuen, «antxoa frantsesek eta geuk bakarrik arrantzatzen dugulako. Berdelaren kasuan ezberdina da, aktore asko agertzen direlako tartean».

Azaldu zuen antxoaren hilabeterik oparoenak apirila eta maiatza izaten direla; hala ere, martxoan «beti izaten dira harrapaketak». Koskorxeago egoten da produktua, eta arrandegirako zein freskoan jateko «primerako antxoa» da, baina kontserbagileek neurri handiagoak nahi izaten dituzte, eta aurrerago azaltzen da neurri egoki hori.

Dena den, orain arteko harrapaketetan ez dute gorabeherarik antzeman, eta «ez du ematen antxoaren kosteran arazo gehiegirik egongo denik», Leandro Azkue sailburuordeak aipatu zuenez.

Kanpainetakoren bat bertan behera geldituko balitz, Lakuako Gobernuan aurreikusita dituzte horri aurre egiteko protokolo eta jarraibideak.

ANTXOA, OSO GARRANTZITSUA

«Antxoak garrantzi handia du gure sozioekonomian», ziurtatu zuen, bestalde, Norberto Emazabel Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako lehendakariak. NAIZ Irratia Hondarribiko kofradian berarekin solasean izan zen. «Hegaluzearen atzetik antxoa da inportanteena», nabarmendu zuen. «%40 edo %50eko portzentajea hartzen du. Bizkai eta Gipuzkoa mailan sei itsasontzi daude urte osoan sareekin ibiltzen direnak, eta horien kasuan arrantza guztia antxoa da».

Prezioei dagokienez, arraina enkantean edo arrandegian erosi, izugarria da aldea. Emazabalentzat ez da erraza horren inguruko balorazio bat egitea. «Enkantean behetik jotzen da. Gero bitartekari batzuk daude, handizkakoak, txikizkakoak; arraina saltzen dutenek ere beren portzentajea jartzen dute eta, azkenean, prezioa igo egiten da. Lehen sektorean, baserritarrek eta nekazariek gure arazo bera dute», adierazi zuen.

MADRILEKIN AKORDIOA

Kuoten banaketari buruz galdetuta, «kontent» agertu zen Emazabal, baina beste alde batetik «penaz», berdela %22 jaitsi delako. Estatu mailan kilo asko direla eta itsasontzi bakoitzari 40.000 kilo gutxiago tokatzen zaizkiola esan zuen. «Hori azkenean dirua da. Kuota jaisten badute, diru gutxiago sartzen duzu etxean».

Antxoaren kuota %7 jaitsi dute. «Gobernu espainolarekin akordioa lortu dugu Gipuzkoa, Bizkai, Kantabria, Galiziako arrantzaleek. Kuoten banaketan aldaketak eskatu genizkion, neurriak hartu behar zirelako bai ala bai», azaldu zuen Norberto Emazabalek. Izan ere, ez da erraza izan, lau urtez aritu dira negoziatzen. Baina kontent ageri da orain.

Hondarribian 300-325 arrantzale dira, eta Gipuzkoa osoan 900 guztira. Gipuzkoaren eta Bizkaiaren artean 43 itsasontzi dira sareekin ibiltzen direnak eta amuzaleak. «Urtero baja bakarren bat badugu, baina momentuan eusten diogu; hori bai, kostata», adierazi zuen Gipuzkoako kofradien buruak.

«Adinarekin jendea jubilatu egiten da, eta gazteek ez dute itsasora etorri nahi -gaineratu zuen-. Hondarribian zehazki nahiko kontent gara, baina ikusten dugu ez hemen bakarrik, sektore guztietan zaila dela. Belaunaldien arteko erreleboa izan dadin saiatzen ari gara, ea gazteak sartzen diren. Aurten jada bi itsasontzi erosi ditugu, eta ikusten dugu badela geroa. Baina ez da bakarra arrantza, da nekazaritza, da ostalaritza; dena da».

Gipuzkoaren aldean, Bizkaian baxurako arrantzak etorkizun okerragoa duela uste du Emazabalek. «Jende gazteak ez du joan nahi, eta, ez badoaz, denborarekin itsasontzi horiek galdu egingo dira».

Arrantza bideragarria izan dadin, momentuan antxoa da gakoa, Gipuzkoako kofradien lehendakariaren iritziz. «Jakin dugu zein kuota daukagun, eta orain lortu dugun eredu berri honekin martxan jarri behar dugu». Heldu den astean bilera dugu Madrilen. Sentsazio onak dituzte. «Ikusi behar da arraina sartzen denean zein neurritakoa den. Horren arabera kupoa jaitsiko dugu edo igo, ahal baldin bada prezioa mantentzeko. Nik uste dut sistema berri honekin arrantzaleak antxoa handiaren bila errazago joango direla lehen baino», adierazi zuen.