Bidasoaldeko mugikortasuna hobetzeko plana aurkeztu dute Aldundiak eta udalek
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo eta Hondarribiko udalek Txingudi eskualdean errepide bidezko mugikortasuna hobetzeko jarduera plan bateratua ezagutarazi dute, 50 milioi euroko inbertsioko estimazioarekin. Irungo eta Hondarribiko udalekin batera Bidasoaldeko Mugikortasun Mahaia osatu du Aldundiak.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategia diputatu Felix Urkolak, Irungo alkate Cristina Labordak eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek aurkeztu zuten bide zirkulazioa hobetzeko plana atzo. Hiru erakundeek osatzen dute Bidasoaldeko Mugikortasun Mahaia, eta modu bateratuan egin dute aurkeztu berri duten plana.
Mendozak adierazi zuenez, planak «egungo erronkei erantzuteaz gain, bi udalerrietarako garapen aukera berriei atea irekitzen die», eta azaldu zuen aurreikusitako jarduerek «eskualde osoko bide sarea jostea» ahalbidetuko dutela. «Pilaketen eta segurtasunaren arloko gatazka puntu nagusiak konpondu eta zirkulazioaren arintasuna eta lotura nabarmen hobetuko dira», esan zuen.
Irungo alkateak adierazi zuenez, «eraztun osoa egiteak, hegoaldeko erronda eta bide sareko esku hartzea gauzatzeak ahalbidetuko dute Irunek bere kokagune estrategikoarengatik jasaten dituen trafiko kargen ondoriozko arazoak konpontzea».
Hondarribiko alkateak azaldu zuen urte eta erdiz lanean aritu direla, «epe labur eta ertainerako neurriak proposatuz, egiturazko irtenbideak bilatzen saiatzeko». Eta atzo aurkeztu zuten planak, «herritar guztien eguneroko arazoei irtenbideak» emango dizkiela uste du.
AUTOBIDEAREKIN KONEXIOA
Jarduera nagusietako batek AP-8an lotura bat sortzea proposatzen du, Arbe auzoaren parean, lotune erdi berri batekin. Lotura horrek, bide berri baten bidez, Oñaurreko lotunea erdigunearekin lotuko du, eta, horrela, AP-8ra sartzeko eta irteteko mugimendu guztiak ahalbidetzen dituen lotune oso bat izango da.
Azken Portu inguruan biribilgune berri bat eraikitzea aurreikusi da, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko. Bestalde, Amute, Plaiaundi, Zubi Muxu, Urdanibia zein N-638 eta GI-636 inguruetan ere aldaketak proposatu dira.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Como rimaba Machado: Esteban ha sido el elegido y nadie sabe por qué ha sido

«La Justicia nunca ha investigado nada, siempre se ha puesto de perfil»

IRUÑA-VELEIA AUZIA «BEHIN BETIKO» ARGITZEAREN ALDE
