GARA
BILBO

Bizkaiak euskara eskakizuna murriztu du enplegu eskaintzetan

Bizkaiko Aldundiak euskara eskakizuna apaldu du Enplegu Eskaintza Publikoetan, esan zuenez, «puntualki eta behin-behinean», deialdi bat bertan behera utzi zuen epaia behin betikoa izan bitartean. EH Bilduk salatu zuen ondorioek ez dutela «atzera bueltarik» izango.

Iragan ostiraleko elkarretaratzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren atean.
Iragan ostiraleko elkarretaratzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren atean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak euskara eskakizuna beheratu du bere Enplegu Eskaintza Publikoetan. Ager Izagirre Administrazio Publikoko diputatuak atzo Batzar Nagusietako kontrol saioan azaldu zuenez, segurtasun juridikoa bermatzeko hartu dute neurri hori, baita Diputazioko langileak egonkortzeko hurrengo prozesuetan «ziurgabetasunik» egon ez dadin ere.

«Neurri puntuala da, helegitea jarri diogun sententzia irmoa izan bitartekoa. Behin-behinekoa da, eta lanpostu gutxi batzuei eragiten die», desenkusatu zen.

Gaineratu zuenez, plaza bat lortzen duten langileek euskara jakitea «kontrolatuko du» Foru Aldundiak. Alde horretatik, defendatu zuen Aldundiak «beti» segurtatu izan duela herritarrek foru administrazioarekin euskaraz harremantzeko aukera izatea eta plantilla «egonkortzeko» konpromisoari eusten diola.

Horrekin batera, diputatuak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak kritikatu zituen, «ez baitira auziaren muinean sartzen eta bi hizkuntza ofizialak dakizkitenek meritu eta gaitasun handiagoa baitute posturako, hizkuntza bakarra dakienak baino».

«ATZERA BUELTARIK EZ»

Rakel Goñi EH Bilduko batzarkideak, ordea, gaitzetsi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak «atzera» egin duela euskararen normalizazioan, sententziak irmoak izan arte «beharrezkoa ez zen» erabaki bat hartuta. «Ondorioek ez dute atzera bueltarik izango; hondamena izan daiteke», ohartarazi zuen, EEP gaindituko duten pertsona batzuek ez dutelako euskara jakingo eta, 45 urtera iritsita, «ez dutelako bizi osoan euskara profila frogatu beharrik izango». Goñiren iritziz, Aldundiari «adorea falta» izan zaio.

Hain justu, joan den ostiralean elkarretaratzeak egin zituzten ELA, LAB eta Euskalgintzako Kontseiluak Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien aurrean, euskararen normalizazioan «atzerapausorik ez emateko». Gipuzkoan ere euskara eskakizunak baliogabetu dituzten epaiak egon direla salatu zuten, Aldundian eta udal idazkarien lan poltsetan.