EAEko sare publikoko irakasleak kalera atera dira hiriburuetan seigarren greba egunean
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak hartu zituzten atzo hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek seigarren greba egunean, beste behin Lakuako Hezkuntza Sailari eskatzeko beren aldarrikapenak aintzat har ditzala. Sindikatuek esandakoaren arabera, seigarren egunean ere %75eko jarraipena izan zuen lanuzteak.

Seigarren greba eguna izan zuten atzo hezkuntza publikoko irakasleek eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin zituzten manifestazioak. Beste behin, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren jarrera deitoratu zuten irakasleek, «grebetan aldarrikatutako eduki gehigarriak mahai gainean ipintzea eta zehaztea eskatu zaionean» negoziazioa etetea leporatuta.
Gehiengo sindikalak argi adierazi zuen «eszenifikazioa eta itxurakeria» dela Hezkuntza Saila egiten ari dena eta «ulertezina» iruditzen zaie «irakasleon lan-baldintzak ez hobetzea, hezkuntza publikoko kalitateak hobera egin dezan». Horren aurrean, «benetako» negoziazioa gauzatu artean tinko mantentzeko asmoa agertu zuten.
Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen handia izan zuen Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan, deitzaileen arabera. Sindikatuek jakitera eman zutenez, atzo ere irakasleen %75ek egin du zuten bat grebarekin, eta gehiegizko gutxieneko zerbitzuak salatu zituzten.
Gainera, grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile kalera atera zirela esan zuten sindikatuek.
Halaber, grebaren baliagarritasuna aldarrikatu zuten, ziurtatu baitzuten aurretik burututako grebek eta mobilizazioek behartu dutela Hezkuntza Saila mahai negoziatzaileak deitu eta pauso «gutxi batzuk» ematera. Hala ere, «benetako» negoziazioaren beharra azpimarratu zuten, «hitz politetatik harago» joateko.
Seigarren greba eguna izan zuten honetan, irakasleek aldarrikapenak berretsi zituzten: «15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe, eta aski dela; lan zamak arintzea, plantillak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, erosahalmena berreskuratzea, eta lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzea».
Azkenik, aldarrikapen horiei erantzunik eman ezean grebarekin jarraituko dutela iragarri zuten sindikatuek.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo
Una acción inaplazable

La Unión Europea propone un plan de previsión de crisis en pleno rearme

«La Justicia nunca ha investigado nada, siempre se ha puesto de perfil»
