GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
UNA BALLENA

«Euskal noir», baleak eta hiltzaileak

Pablo Hernando gasteiztarraren “Una ballena” film luzea iritsi da. Señor & Señora eta Sayaka Producciones euskal ekoiztetxeak elkarlanean sortutako pelikula da, Leire Apellaniz eta Nahikari Ipiña buru direla, eta lantaldean hainbat euskal izen ere ageri dira: Pablo Hernando zuzendaria bera, Kepa Errasti, Iñake Irastorza eta Ramon Barea aktoreak, Xanti Salvador soinu teknikaria edota Izaskun Gonzalez (Rrucculla) musika konpositorea, besteak beste.

Sei astez Bilbon eta inguruetan grabatu dute eta, zuzendari eta gidoilariak nabarmendu duenez, «Euskal Herriko klima euritsua ezin hobeto egokitzen da filmean bilatzen den tonu eta atmosferara».

Fantasiazko eta misteriozko “euskal noir” honetan, Ingrid Garcia-Jonssonek soldatapeko hiltzaile baten rola jokatuko du. Infiltratu eta arrastorik utzi gabe desagertzeko duen gaitasunak soldatapeko hiltzaile gupidagabe bat bihurtu dute.

Gainera, naturaz gaindiko trebetasunak ditu. Argumentuak bi “munduren” arteko ertzean dagoen pertsonaia baten barne gatazkekin jolastuko du.

Filmean zehar hainbat erreferentzia zinematografiko antzeman daitezke, argiena “Le Samouraï” (1967) izan liteke. Film horren zuzendaria Jean-Pierre Melville da; “Una ballena” filmean Ramon Barearen pertsonaiak duen ezizen berbera, Melville. Gainera, zinema zuzendariaren benetako izena Jean Pierre Grumbach da, baina Jean-Pierre Melville ezizena aukeratu zuen ‘‘Moby Dick’’-en egilearen omenez (Herman Melville). Hor bigarren lotura, balearen figura oso garrantzitsua baita. Ekoizleen hitzetan, «Nicolas Winding Refnek zuzendutako “Le samurai” baten itxura du».

Estatu espainiarrean “Green Film” ziurtagiria lortu duen fikziozko lehen film luzea da; filmaketa jasangarria burutu duten eta ingurumenarekin konprometituta dauden izenburuei ematen zaien Europako zigilu berdea da.