GARA
ZAMUDIO

Imanol Rego da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria

Rego, izendatu berritan, Zamudion.
Rego, izendatu berritan, Zamudion. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Irizar Taldeko egungo zuzendari nagusi Imanol Rego Iturralde izendatu dute Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente, hala onetsi baitzuten aho batez zuzendaritza batzordeko kideek, EAEko Parke Teknologikoaren Bizkaiko campusean ezohiko batzarrean. 2017tik karguan izan den Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du Regok.

Rego Innobasqueko presidente izendatu ondoren, kargua utzi duen Manuel Salaverriak elkarrekin egindako bidaian emandako babesa eskertu zuen, eta «harro» dagoela adierazi.

«Guztiok, Innobasquek, bere 900 erakunde bazkide publiko eta pribatu baino gehiagok, berrikuntzaren euskal ekosistemak eta, oro har, euskal gizarteak, lan nekaezina egin dugu Euskadiko berrikuntzaren alde», esan zuen.

Presidente hautatu berriari ere mintzatu zitzaion Salaverri: «Imanol, erronka handia duzu aurrean. Trantsizio sakonak eta erradikalak, geoestrategikoki nahasia den mundu bat, eta herrialde bat, Euskadi, balio eta ahalmen itzelekin eta, aldi berean, ahulezia handiekin, horietako batzuk egiturazkoak».

Imanol Regok kargua hartu zuen «Manuel Salaverriaren lekukoa hartzeko ohorearekin, Innobasqueren ikuspegia finkatu den etapa giltzarri baten ondoren: berrikuntzaren euskal ekosistemaren bidez Euskadi Europa mailan berrikuntzaren lider diren eskualdeen ligan jokatzea».

Nabarmendu zuen aurrerapen hori posible izan dela pertsona eta eragile askoren konpromisoari esker, berrikuntza Euskadirentzat lehiakortasunaren eta aurrerabidearen eragilea izan dadin lan egin baitute».

CURRICULUMA

Imanol Rego Iturralde (Donostia, 1972) Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendaritza batzordeko kidea da 2022ko irailetik, orduan izendatu baitzuten Irizar Taldeko zuzendari nagusi.

Industria ingeniaria da eta MBA bat du Lovainan. Harvard eta Singapurreko CCL negozio eskoletan trebatu da, eta ibilbide profesional zabala du industriari, teknologiari eta kanpo merkatuari lotuta.

Gaur egun, gainera, Tecnaliako Patronatuko eta Batzorde Betearazleko kidea da, baita CIDETECen Patronatukoa eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako Enpresa Aholkularitza Kontseilukoa ere, Euskal Herriko enpresa, ikerketa eta hezkuntzari buruz duen ikuspegia osatuz.

Salaverriaren lanarekin jarraitzeko «ilusioa» duela dio.