Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Motibaziorik ez dagoenean, nondik atera motibazioa?

Anadolu Efesen aurka galdu ostean, Gasteziko taldeak ez du ezertarako aukerarik. Baina Istanbulen hitzordua dute gaur arratsaldean, Fenerbahçeren aurka. Saririk ez badago, nola izan lehiakorra?

Ez da bakarra, baina irregulartasunagatik nabarmentzen da Donta Hallen lana.
Ez da bakarra, baina irregulartasunagatik nabarmentzen da Donta Hallen lana. (Raul BOGAJO | FOKU)

Lehiatzeko arrazoirik eta motibaziorik ez dagoenean, nola lehiatu liteke? Kirolari profesionalak lehiakortasuna bere baitan du, baina ibilbidearen amaieran saririk ez badago, ez da erraza behar bezala prestatzea. Euroligako hamar onenen artetik at matematikoki geratu zen Saski Baskonia asteazkenean, Anadolu Efesen aurka 92-76 galdu ostean.

Gasteizko taldeak 13 garaipen eta 18 porrot pilatu dituzte 31 jardunalditan, eta uneotan hamargarren postuan dagoen Paris Basketball taldeak 17 garaipen pilatzen ditu.

Fase Erregularra amaitzeko hiru jardunaldiren falta direla, Pablo Lasoren taldeak jai dauka. Datorren urtean egin beharko ditu aurten egin ez dituenak.

Euroligak ez du barkatzen, eta gaur beste jardunaldi bati aurre egin beharko dio Saski Baskoniak, Istanbulgo Fenerbahçe taldearen aurka, hain zuzen, 18.45ean hasita. Euroligako bigarren sailkatua da Saras Jasikevicius lituaniarrak zuzentzen duen taldea, eta hamalaugarrena Saski Baskonia. Ezer atera ote lezake talde gasteiztarrak Ulker Sports and Evets Hall pabiloitik?

ETXETIK KANPO,KALE

Harrotasuna. Izaera. Nortasuna. Horra Saski Baskoniak munduari saldu dizkion bertuteak. Baina ez aurtengo Euroligan orotara 15 partida jokatu ditu etxetik kanpo talde gasteiztarrak eta bi baino ez ditu irabazi. Zer atarramentu da hori? Hamahiru porrot horietatik hiru baino ez dira izan bost puntu edo gutxiagogatik, eta ia edozein neurketetan ikusi da izan duten erregulartasun falta larria.

Urrutirago joan gabe, Anadolu Efesen aurka pasatu den asteazkenean partida parekatuta zeraman Baskoniak hirugarren laurdenaren azken aldera, 56na hain zuzen. Baina aldaketek erabat desorekatu zuten gasteiztarren lana.

Moneke eta Donta Hall kantxaratu ziren Khalifa Diop eta Tadas Sedekerskisen lekuan eta, supituki, arabarren barruko jokoa ahul azaldu zen, indarrik gabe turkiarren barruko jokoa geratzeko. Akordatzerako 11-3ko partziala erdietsi zuen Istanbulgo auzo europarreko taldeak, laurdena amaitu baino lehen. Azken laurdena hasteaz bat, hamar puntuko langatik gora joan zen talde bien arteko aldea, eta azkenean, neurketa guztia estu joan eta gero, irabazteko aukerarik gabe Baskoniak agur esan behar izan zion partidari.

«Galdutako baloietan eta defentsako errebotea bermatzeko orduan ahul aritu gara. Min handiegia egin digute», onartu zuen Pablo Laso entrenatzaileak neurketaren amaieran. Saskibaloi partidek 40 minutuko iraupena dute, baina 30etan baino ez ziren lehiakorrak izan gasteiztarrak. Eta eskerrak, orduan motibazio bat oraindik ere mantentzen zutela. Nola aurre egingo diote ostiraleko partidari, datorren astean Asvel Villeurbanen aurkako demari eta Fase Erregularra amaitzeko Milanen jokatu beharreko neurketari?

Lesioen erruz azken asteetan Kamar Baldwin ez dago jokatzeko moduan, eta Moneke eta Donta Hall ere arazoekin ibili dira. Alabaina, fisikoa baino arazoa kontzentrazioa mantentzeko orduan erakutsi dute aipatu bi jokalariek. Kostatu zaio Euroligako erritmora egokitzea, baina badirudi Forrestek lortu duela lekua egitea eta Markus Howardekin hobeto konpontzea ere. Sedekerskis hegal-pibot postuan hobeto moldatzen da hegaleko bezala baino. Kostatu zaio Saski Baskoniari, baina badirudi bidean aurrerapauso batzuk eman direla. Beranduegi, ordea, Euroligan ezer lortzeko.

AZKENERA ARTE

«Azkenera arte borroka egitea da gure betebehar nagusia», zioen Pablo Lasok asteazkeneko partida amaitu berritan. Euroligako titulua irabazteko kanporaketetatik at geratu dela jakitun, bere taldeak lehiakorra izaten jarraitu behar du, klubaren itxura eta sailkapen nagusiaren araberako diru saria jokoan daudelako. Baina horrek motibatuko al ditu jokalariak?

«Bidean galdu diren partidak ikusi eta haiei buruz ‘balitz’ eta ‘balego’ esatea alferrik da. Gure helburua lehiaketa amaitu bitartean sailkatzeko borrokan jardutea zen, baina ez da posible izan. Nolanahi dela, lehiakorrak izan garen sentipen hori izatea guretzat gauza garrantzitsua da, eta horri heldu behar diogu», adierazi zuen Lasok.

Ezin da ACB Liga ahaztu. Zortzi onenen artean sartzeko 10 jardunaldi dauzkate aurrean; garaiz dabiltza oraindik. Baina etxeko lanak azkenerako uzteak ez die onik ekarriko. Beraz, Euroligako norgehiagokek ere orain garrantzia duen lehiaketan zentratzeko balioko diete gasteiztarrei. Titulu bat irabazteko lehian murgiltzea motibazio ona izango al da?