GARA
ARRASATE

Sexu indarkeriarengatik arreta integrala emateko zentro berria du Arrasatek

Uribarri kaleko 5. zenbakian ireki dute zentroa.
Uribarri kaleko 5. zenbakian ireki dute zentroa. (GFA)

Sexu indarkeriaren aurrean informazioa, laguntza psikologikoa nahiz soziala eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko aholkularitza emateko zentro berria ireki dute Arrasaten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hariberriak sarearen parte.

Atzo inauguratu zuen Aldundiak aurreikusitako hiru zerbitzuetatik bigarrena, Uribarri kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoena. Espazio irisgarria dela esan zuten, sexu indarkeria motaren bat jasan duten edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago.

Hala ere, Donostiako egoitza nagusiaren (Kale Berria, 10) funtzionamendu desberdina izango du, ez baitu 24 orduz aurrez aurreko arreta iraunkorra eskainiko duen langilerik izango bertan. Kasu honetan Sexu Indarkeriaren Arretarako Zerbitzuaren irizpide teknikoak emango dio hitzordua biktimari, instalaziora gerturatzeko.

Aldundiak ohartarazi zuenez, zerbitzuak «ingurune seguru eta konfidentzial batean» eskainiko dira, «hainbat beharretara egokitutako espazio batean, eta pertsona bakoitzaren erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz». 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, bai eta hauen senide eta gertukoei ere. Gainera, arreta hizkuntza ezberdinetan emango du .

Nahi dutenek eskura dituzte hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa, 900 840 188 telefonoa eta 747 444 389 WhatsAppa, kontsultak egiteko edo informazioa eskatzeko.