Maider IANTZI
DONOSTIA

Utzarazteen ordez, baliabideak eskatu dizkiote Donostiako Udalari

Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea Donostiako Udalaren atean jarri ziren atzo, «utzarazte arrazista gutxiago eta udal baliabide gehiago» leloarekin. Magrebtarren kolektiboa segurtasun ezarekin lotzeko kanpaina abian da, baina, nabarmendu zutenez, «gure gazteak dira, eta eskubideak denonak ez badira, ez dira eskubideak».

Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarren Harrera Sarea, Donostiako Udaletxeko atarian.
Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarren Harrera Sarea, Donostiako Udaletxeko atarian. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Inor ez da ilegala» pankartei eutsiz, eta «utzarazte arrazista gutxiago, udal baliabide gehiago» leloarekin batu ziren atzo Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea Donostiako udaletxearen aurrean. Lagun ugari bildu zen elkarretaratzean, eta guztien izenean Garazi Montuschik hitza hartu zuen. Duela urtebete baino gehiagotik gertatzen ari diren arrazakeria ekintzak gaitzetsi zituen.

«Borja Corominas PPko zinegotziak bultzatutako ekintzak dira, gorrotoa sustatzen duten beste gizarte eragile batzuekin batera. Kanpaina bat egiten ari dira magrebtarren kolektiboa segurtasun ezarekin eta delinkuentziarekin erlazionatzeko», azaldu zuen.

Kanpaina horretan kokatu zuen Udalak Egia auzoan afari solidarioak legez kanpo utzi izana. Baita udaltzain batzuek kanpin dendak zartatzea eta mutil horien ondasun pizarrak suntsitzea ere. Eta «gazte donostiarrak lokalizatu eta jipoitzera bultzatzea». Ezaugarri horietako azken ekintza aterpe bila etxolak eraiki zituzten mutil batzuk horietatik ateraraztea izan da.

GIZARTERATZEN ARI DIRENAK

Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Polizia espainolak batera egunotan hamaika gazte, aurrez abisatu gabe, Manteo ingurutik atera dituztela gaitzetsi zuten Kaleko Afari Solidarioak elkarteak eta Hiritarron Harrera Sareak. Hainbat etxola txikitu eta gauzak ebatsi dizkietela esan zuen. «Tartean, inolako arazorik sortu gabe gizarteratze prozesuan dauden gazteak. Urgulleko udal espazio abandonatu batean zeuden hiru gazteren kasuan, Udalak berak salatu zituen». Ondorioz, «Auzitegi aurrean agertu behar izan zuten eta isun batera kondenatu eta aurrekariak ezarri zizkieten, ondoren etxoletatik aterarazteko».

Adierazi zutenez, badirudi gazte hauek ez ditugula gutakotzat hartzen. «Azal koloreagatik da? Jatorriagatik? Pobreak izateagatik?», hausnartu zuen, eta ozen aldarrikatu zuen «gure gazteak» ere badirela. Hortaz, Udalari exijitu zioten gazteen jazarpena eten dezala, «non babestu ez dutenez, kanpin dendetan edo ahal duten lekuan jartzen baitira. Ez ditzatela beren gauzak lapurtu, ezta dendak txikitu ere». Aldiz, «aintzat har dezatela boluntarioen lana eta irtenbideak bilatzeko elkarrizketari ekin diezaiotela».

Donostiako Udalaren «joera erasokor eta arrazista» salatu zuten, «arbitrarioki, gurekin bizi diren pertsonen oinarrizko eskubideak zapaltzen» ari baita. «Erabateko gaitzespena, ordezkatzen ez gaituzten ekintza krudel hauen aurrean. Eskubideak guztionak ez badira, ez dira eskubideak», nabarmendu zuten.

«ULERTEZINA»

Aitortu zuten «ulertezina» egiten zaiela zein gogor tratatzen ari diren hain justu egoera okerragoan daudenak. Oroitu zuten, noski, ez daudela kale egoeran nahi dutelako, baizik eta «hori delako hirian lehen hilabete luzeetan eskaintzen zaien aukera bakarra», Udal aterpetxeak hiru hilabetero bost gau bakarrik eskaintzen baititu. La Sirena neguko aterpetxea, ehun plazakoa, hutsik egon da azarotik martxora, eta ez zaie onargarria iruditzen.

Gazteon lekuan jartzera gonbidatu zuen Montuschik: «Bide luzea egin dute. Batzuk pateran, besteak kamioietan ezkutatuta, beste batzuk Istanbulera hegazkina hartu eta oinez etorri dira honaino, arriskuak saihestuz. Hemen beste urte bat edo bi zain dituzte kalean bizitzen», ohar egin zuen.

«Gaztelaniazko klaseetara eta ikastaro profesionaletara joaten dira. Ez dira gaizkileak, beste edonork bezala etorkizuna landu nahi duten pertsonak baino ez», baieztatu zuen.