Ion GARATE

Eskola kirola, osasunarentzat soilik ez, hezkuntzarako ere mesedegarria

Ba al zenekien eskola kirolak errendimendu akademikoa hobetu dezakeela? Ikerketa anitzek diotenez, jarduera fisikoak, gorputza ez ezik, adimena ere indartzen du: kontzentrazioa handitzen du, estresa murrizten du eta diziplina sustatzen du. Horixe azaldu dio Kike Mokoroa Ordiziako Udaleko kirol teknikariak NAIZ Irratiari.

Kirolak balio positiboak ditu, bizitzan aplikatzen direnak.
Kirolak balio positiboak ditu, bizitzan aplikatzen direnak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Kirolak errendimendu akademikoa bultza al dezake? Ikerketa ugarik baieztatzen dute jarduera fisiko erregularrak kontzentrazioa, memoria eta ikasteko gaitasuna hobetzen dituela. Gainera, estresa eta antsietatea murrizten laguntzen du, ikasgelan hobeto jardutea erraztuz.

Eskola kirolean garatzen den diziplina, talde lana eta denboraren kudeaketa ikasteko ohitura hobeetan eta motibazio handiagoan islatzen dira. Ariketa eguneroko errutinan sartzeak osasunari mesede egiteaz gain, ikasleen hezkuntza arrakasta bultzatzen du. Kike Mokoroa Ordiziako Udaleko kirol teknikaria honen inguruan aritu da NAIZ Irratian.

Baieztatu duenez, kirolak balio positiboak ditu, bizitzan aplikatu daitezkeenak. Euskal Herriari begira ekar ditzakeen onurei erreparatu die, esate baterako, euskararen erabilera praktikoan. «Kirol jarduerak euskaraz egiteak aukera paregabea eskaintzen du. Modu natural batean egin dezakezu euskaraz zure taldeko lagunekin, aurkariekin, baita entrenatzailearekin ere, eta era eraginkor batean landu».

Hurbiltasuna ematen duela erantsi du: «Kirolaren bitartez sortzen diren esperientzia baikorrek euskararekiko atxikimendua sustatzen dute, eta hizkuntzarekiko interes handiagoa pizten dute».

Kultur identitatea eta inklusioa ere indartzen ditu, euskararen eta euskal kulturaren balioekin lotzen bada. «Gazteak beren erroak hobeto ulertzera eta hizkuntzarekiko erlazio sendoago bat izatera eramaten ahal ditu. Herri kirolak aproposak dira honetarako. Arrauna, esku pilota, pala. Hemengo kirolek identitate hori barneratzen laguntzen dute», adierazi du.

ESTRESAREN ARINGARRI

Bestalde, gaitasun kognitiboak hobetzen dituela esan du Mokoroak: kontzentrazioa, diziplina nahiz taldean lan egiteko gaitasuna. Azpimarratu du ahalmen horiek guztiek hezkuntza prozesuan lagundu dezaketela. Kirolak estresa ere arintzen du, eta osasun mentala zaindu. Yoga eta pilates aipatu ditu kirol teknikariak adibide gisa, eta eskola kirolaren edo curriculumaren barruan sartu litezkeela planteatu du.

Mundu mailan hainbat ikerketa interesgarri daude kirolaren eta arlo akademikoaren arteko harremanari buruz. Adibidez, Granadako Unibertsitateak argitaratu zuen kirolak arreta, memoria eta kontzentrazioa hobetzen dituela, bereziki haur eta gazteen artean. Kirol programa egituratuek errendimendu akademikoan mesede egiten dutela ikusirik, unibertsitateetan ere kirola egitea bultzatzen da, ez bakarrik aisian ongi pasatzeko, baita ikasleari ongi datorkiolako ere.

Zeharkako trebetasunak ere garatzen direla gaineratzen du azterlanak: diziplina, ardura eta taldean lan egiteko gaitasuna. «Badira hainbat kirol, demagun igeriketa eta gimnastika erritmikoa, esfortzu berezi bat eskatzen dutenak. Akademiara ekarrita, antzeko ezaugarriak dira: diziplina, seriotasuna. Hor ibiltzen den jende asko, entrenamenduetan ordu pila emanez, ikasketetan ere ederki moldatzen da», aipatu du. Hortaz, gorputz heziketak funtsezko ikasgaia izan beharko lukeela adierazi du kirol teknikariak.

ORDU KOPURUA

AEBn, Illinoisko Unibertsitateko ikerketa batzuek diote jarduera fisiko moderatuak eta intentsiboak ikasleen arreta mantentzeko eta informazioa prozesatzeko trebetasunak hobetzen dituela. Ordu kopurua ere garrantzitsua da: egunero ordu erdi edo 90 minutu arteko ariketa fisikoa egitearen onura aztertu dute ikerlan hauetan, edo astean gutxienez bi ordu eta gehienez bost ordu egitearena. Hamabost ordu egitea, adibidez, kaltegarria izan daiteke, nekatu egiten zarelako.

Kanadan, British Columbia Unibertsitateko azterketek erakutsi dute kirol erregularrak estresa eta antsietatea gutxitzen dituela. Akademikoari zuzenean eragiten dieten faktoreak dira biak.

Ikerketek ez ezik, praktika sinpleek ere erakusten dute zein onura dauzkan kirolak. «Zenbat aldiz entzun izan dugun ikasten ari garela gainezka egitean buelta bat ematera joateko. Hori zerbaitegatik da. Ez da beharrezkoa sekulako ahalegina egitea, buelta bat emanez haizea hartuko duzu, burua arinduko zaizu eta beste era batera sartuko zara etxera», esan du adibide gisa.