«Ez da neurrikoa globala den arazo baten konponbidea udal bati eskatzea»
Donostiak azkenaldian hartu dituen eztabaidak ez dira gutxi izan. Etxebizitzaz, Loiolako kuartelaz eta bizi proiektua eraikitzearen ezintasunaz, Metroaren obrez zein AHTaren lotuneaz aritu zen atzo Eneko Goia, Donostiako alkatea, NAIZ Irratiko mikrofonoetan.

Zuzenean zein zeharka, Donostia albistearen erdigunean da azken egun eta orduetan. Izan politikoki, izan EAJren Batzar Nagusia edo AHTaren lotunearen inguruko eztabaida; eta baita arlo sozialean ere, eragile ezberdinek egin dituzten aldarrikapenak direla eta, kalean bizi diren pertsonen ateraraztea, esaterako. Hauetaz guztiaz hitz egiteko, NAIZ Irratian izan zen atzo Eneko Goia, Donostiako alkatea.
GARA eta NAIZen albiste izan da Donostiako metroaren eraikuntzen gainkostuaren ingurukoa. Susana Garcia Chueca sailburuak Parlamentuan aitortu zuenez, 84 milioi euroko gorakada izango du aurrekontuan, ziurrenik gainkostuak hain handiak ager ez zitezen. Alde horretatik, nahiz eta alkateak argi utzi zuen Lakuako Gobernuak bideratzen duen obra dela, bere iritzia eman eta gainkostuaren zati handiena metroaren ibilbidearen bigarren zatian izan diren «zailtasunei» egotzi zien, tartean istripu bat.
Edonola ere, lanen bilakaerarekin baikor azaldu zen, aipatu zuenez lurrazpian obra zibila bukatuta dagoelako eta dagoeneko instalazioekin dabiltzalako, eta gainazalean dagoeneko urbanizazioan hasi direlako. «Hemendik aurrera, geratzen zaigun tarte honetan, obra honek hoberantz egingo du afekzioei dagokienez, eta tunelaren bukaeran jada argia ikusten hasi gara», nabarmendu zuen.
ETXEBIZITZAREN AUZIA ETA LOIOLAKO KUARTELAK
Donostiako alkateak hizketagai izan zituenen artean etxebizitzaren auzia ere egon zen, tartean Loiolako kuartelen erosketaren gorabeherak. EH Bilduk Defentsa Ministerioarekin hitzarmena negoziatzea eskatu du, eta Eneko Goiak ezinezkotzat jo zuen une honetan prezioa -73,3 milioi- merkatzea.
Udal agintariak esan zuen ez duela ulertzen talde subiranistaren posizioa. «Negoziazioek luze jo zuten bere garaian. Gu, noski, saiatu gara ahalik merkeen erosten. Defentsa Ministerioak bere irizpideak dauzka, eta azkenean lortu genuen akordioa», adierazi zuen. Eta zera gaineratu zuen: «Harritzen nauena da, behin akordio hori lortuta, ordainketa egiteko partida sortzerakoan aho batez onartzea eta orain berriz ere negoziatzea planteatzea. Hor ez dago biderik». Goiaren aburuz, «arriskuak» izan ditzake bide horretan sartzeak, egungo Gobernu espainolak zenbat iraungo duen ikusteko dagoelako, eta, beraz, gai hau «lehenbailehen itxi» behar dela ondorioztatu zuen: «Aukera hau ezin dugu pasatzen utzi».
Loiolako kuartela ez ezik, etxebizitzarena hiri osora zabaltzen den arazoa da, eta horretan ere Goiak ez zuen zalantzarik izan: «Asko kezkatzen nau bizitza proiektua hirian egiteko edozein gaztek daukan benetako zailtasunak».
Aipatu zuen «bidean» dela gune tentsionatu izatearen izendapena, baina horrek izan dezakeen eragina «mugatua» dela ohartarazi zuen, eta beste neurri batzuk ere ezinbestekoak izango direla esan zuen.
Zehaztu zuenez, «udalari dagokionez, guk egin dezakegun ahaleginik handiena garapen berriak sustatzea da. Oso garbi ikusten dugu eskariaren eta eskaintzaren artean tartea dagoela. Eskaria oso handia da eta eskaintza murritza, eta hori handitu beharra dago». «Arrazoi askogatik: barnealdetik kostaldera etortzearen fenomenoa, familia konposizioaren aldaketa, hiriaren erakargarritasuna… Etxebizitza parkea handitu behar da. Horretan gaude buru-belarri», azaldu zuen Goiak.
ARAZO GLOBALA
Bestetik, Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareak kolektiboek udal baliabide gehiago eskatu dituzte kalean bizi diren pertsonentzat, PPko Borja Corominas zinegotziak sare sozialetatik Manteoko inguruan finkatuta zeudela adierazi eta, ondoren, udaltzainek bertatik bota ostean. Alkateak esan zuen ez dela neurrikoa «globala den arazo baten konponbidea udal bati eskatzea». «Ez gaude lokala den fenomeno baten aurrean -berretsi zuen-, fenomeno globala da. Horrek erantzun globala eskatzen du eta beste erakunde batzuek ere erantzun horretan parte hartzea eskatzen du», aipatu zuen elkarrizketan.
Azpimarratu zuenez, «udalerri bat ito egingo litzateke globala den arazo bati erantzuna eman beharko balio». Argi du, dena den, bera alkate den hiriak badauzkala baliabideak auzi honi aurre egiteko, batzuetan «legeak ezartzen duenaren gainetik ere», eta beste udalerriei bota zien pilota, beraiek ere «esfortzua» egin beharko luketela esanez, «hau ez delako bakarrik Donostiari dagokion fenomeno bat.
AHT ETA EZKIO-ITSASOKO LOTUNEA
Zalaparta piztu du azkenaldian Abiadura Handiko Trenaren bueltan lotunea Ezkio-Itsasotik ala Gasteiztik egin behar ote den. Eneko Goiak berak hitz zorrotzak erabili zituen aurreko astean Arabako ahaldu nagusi Ramiro Gonzalezekin -«berekoi» deitu zuen-, gai hau dela eta. Ordutik ez du alderdikidea duen Gonzalezekin hitz egin, atzoko elkarrizketan aitortu zuenez, baina ziurtatu zuen asteburu honetan, EAJren Batzar Nagusiaren karira, egingo dutela.
Nolanahi dela, Donostiako alkateak Ezkioko aukeraren alde egin zuen eta «herri ikuspegia» jarri zuen arrazoi gisa. «Lau hiriburuak modu egokienean lotzeko modua Ezkio-Itsasotik da, zalantzarik gabe. Donostiatik Iruñera joateko Gasteiztik igaro beharra lehiakorra ez den ibilbide bat eraikitzea izango litzateke, azken finean azkarragoa delako autoz joatea», adierazi, eta zera erantsi zuen Gasteizko alternatibaz: «Iruñearen ikuspegitik, Iruñea jokoz kanpo uzten du, Europako abiadura handiko sare osoan. Nire ustez, herri ikuspegitik, soluziorik egokiena Ezkio-Itsasotik izango litzateke».
Zenbaitek arazo teknikoak aipatu dituztela-eta, Goiak uste du alde batetik zein bestetik joan egoera berdinarekin aurkituko direla. Haren ustez, «arazo teknikoak bakarrik izango balira kontuan hartzekoak, gauza asko ez genituzke egingo. Egiten dira badagoelako herri ikuspegi bat, badagoelako apustu bat eta hori lehenesten delako. Teknikoki zailagoa edo errazagoa izango da, merkeagoa edo garestiagoa, baina elementu guztiak jokoan jarri behar dira, ez bakarrik teknikoak».
Eztabaida Euskadi Buru Batzarraren barrura ere heldu da. Azkenean erdibideko zuzenketa bat eramango omen da asteburu honetako EAJren Batzar Nagusira. Donostiako alkateak goraipatu egin zuen hau, «heldutasunaren adierazgarri» delakoan. «Iritzi ezberdinak egon daitezke alderdi barruan», eta hori «ona» dela baloratu zuen. «Ona dena ere bada hitz egiteko aukera izatea eta akordiora iristeko borondatea izatea», esan zuen, eta jazotakoak hori adierazten duela ziurtatu zuen.
AHT ETA EZKIO-ITSASOKO LOTUNEA
EAJren IX. Batzar Nagusia barne organoak berritzeko prozesu luze baten ondoren helduko da, eta Goiak «ohore» gisa hartu zuen bere izena Gipuzkoako zuzendaritzarako proposamenen artean agertu izana, baina gogoratu zuen berak ez zuela aurrera egin nahi izan, bere ardura Donostiako Udaletxean dagoelako. «Maria Eugenia Arrizabalaga da GBBko presidentea, eta uste dut presidente egokia dela», adierazi zuen.
Honekin batera, EBB berrian Gipuzkoako ordezkari gehiago egotea mahai gainean egon bazen ere, azkenean halakorik ez gertatzeari garrantzia kendu zion Goiak. «Uste dut ez genukeela erori behar halako lurraldetasun eztabaida batean. Nik espero dudana da, diren lurralde historikokoak izanda, hor dauden pertsonek aberri ikuspegia izatea. Berdin zait bizkaitarra, gipuzkoarra, arabarra, nafarra, lapurtarra edo zuberotarra den; inportanteena da herri ikuspegia izatea», aipatu zuen.

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik

No es periodista, es un provocador fascista

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas

BMW llegados desde Oviedo a Arkauti, Irun, Donostia... a 75.000 euros el coche
