GARA
BILBO

Kontseiluaren deia, euskarari «arnasa berri bat emateko»

Euskalgintzaren Kontseiluak «larrialdi linguistikoa» atzean utzi eta pizkundea sustatzeko ekimena burutuko du abenduaren 27an Bilbon. Bilbao Arena euskaltzalez bete nahi dute, eta mobilizazio multzo baten abiapuntua izango da.

Euskalgintzaren Kontseiluak Urteko Batzar Nagusia egin zuen, atzo, Bilbon.
Euskalgintzaren Kontseiluak Urteko Batzar Nagusia egin zuen, atzo, Bilbon. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskara eta euskal hiztun komunitatea «larrialdi linguistikoan» daudela-eta, Bilbon ekitaldia egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an. Horrela, urtean zehar deituta dituzten gainontzeko hitzorduei beste bat batu die Kontseiluak. Izan ere, apirilean, euskararentzat justizia eta justizia euskaraz aldarrikatuko dute Baionako kaleetan; maiatzean Euskaraldia egingo dute, «euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozial handiena» eta, abenduan, Durangoko Azokak 60 urte beteko ditu. Kontseiluak atzo goizean egin zuen Urteko Batzar Nagusia, eta han eman zuten deialdiaren berri.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzean egindako urratsak «ukaezinak» direla aitortu bazuten ere, uste dute «susperraldi ziklo hori bukatzen ari den zantzuak nabariak» direla, datu soziolinguistikoei erreparatuz gero. Kontseiluaren aburuz, «asko dira kezkatzeko gertakari eta datuak», hala nola ezagutza erlatiboaren apaltzea Ipar Euskal Herrian, edo Nafarroan euskaraz ikasteko dauden oztopoak eta erabileraren beherakada orokorra. Halaber, azpimarra egin nahi izan zuten «euskararen normalizazioa xede duten politikak eraisten ari den» oldarraldi judizialean.

EGITURAZKO ARAZOEI ERREPARATU

Hori dena salatzeko, azaroan «larrialdi linguistikoan» gaudela adierazi zuen Kontseiluak. Auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea eskatu zuen. Horrela, erakundeei zein eragile sozial eta politikoei dei egin zieten euskararen auzia, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko.

Beste alde batetik, herritar guztiak gonbidatu zituzten euskararen normalizazioak eta biziberritzeak behar duten arnasa berri horren aldeko kideak eta bultzatzaileak izatera, antolaturiko ekintzetan eta deialdietan parte hartuz.

ABENDUAK 27

Ildo horri jarraiki eman zuten atzo abenduko ekimenaren berri. Hilaren 27an milaka euskaltzale batu nahi dituzte Bilbon, Bilbao Arenan, egingo duten ekitaldian.

Ekitaldia “Pizkunde’’-rako bidean etorriko diren beste batzuen abiapuntua izango dela adierazi zuten, eta lehen urrats hori sendo egiteko deia zabaldu zuten euskal jendartean.



LABek «zoru juridiko» berri bat galdegin du

Gipuzkoako Aldundiko zenbait kolektibotako LABeko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Donostiako auzitegien aurrean, «euskararen arloan indarraldira pasatzeko unea» iritsi dela aldarrikatzeko. Epaitegietatik iristen ari den euskararen aurkako oldarraldiak herritar guztiei eragiten diela salatu zuten, eta euskararen normalizazio prozesuan atzerapausorik ez dutela onartuko aldarrikatu. Alderdi politikoei euskal hiztunen eskubideak bermatzeko «zoru juridiko» berri bat eskatu zieten.

Gaitzetsi zuten berriz ere euskara eta euskaraz bizi eta lan egin nahi duen komunitatea dela «galtzaile» atera dena. «Marko juridikoaren betebehar nagusia normalizatu nahi den hizkuntza minorizatuaren aurkako erasoak ekiditea da», azaldu zuten, baina jarraian gaineratu zuten oldarraldi juridikoek «guztiz kontrakoa» erakutsi dutela: «Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bezalaxe, EAEn marko juridikoa euskararen normalizazio prozesua erasotzeko bitarteko bihurtu dute».