Andoni ARABAOLAZA
PIRINIOAK

Matt Viveauk ekarpen berria egin du eskiekin Gavarnieko zirkuan

Hilaren 9an, alpinista eta eskiatzaile frantziarrak zirkuaren jaitsiera integrala sinatu zuen. Marboreko gailurretik irten zen, eta, denera, 1.700 metroko desnibela eskiatu zuen. Protagonistak dio alderdi fisikoa izan dela gogorrena.

Matt Viveauk Gavarnieko zirkuan eskiekin jaitsitako ibilbidea.
Matt Viveauk Gavarnieko zirkuan eskiekin jaitsitako ibilbidea. (Matt VIVEAU)

Gavarnieko zirkura hurbiltzen dena, eskuarki, txundituta geratzen da begien aurrean duen monumentuarekin. Berdin dio zein garaitan bisitatzen den, baina argi geratzen da naturak sortutako altxor horrek erakarpen berezia duela. Neguan, adibidez, murru erraldoi horren hiru solairuek eta gailurrek jantzi berezia izaten dute. Izotzak zein elurrak diseinu berezia sortzen dute, eta, batez ere, alpinistak dira horma horietan gehien jarduten dutenak.

Hil honen hasieran, berriz, eskiekin eginiko jaitsiera batek benetako protagonismoa izan du. Jakina, izotz eskalada txertatua dagoen hiru solairu horietan ez da aipatuko dugun jarduera hori egin. Baina badu azpimarratzekoa den osagai bat; hori Gavarnieko zirkuaren jaitsiera integrala edo osoa egin dela da.

Nor ote den ekarpen hori egin duena? Bada, Matt Viveau. Alpinista eta eskatzaile hori berez Alpeetako herritarra da, baina hamabost urte daramatza Pirinioetan bizitzen. Mendilerroaren hainbat txoko eta mendi bikain ezagutzen ditu, eta horren isla da Gavarnien sinatu berri duen jarduera. Beste zenbait ere egitasmo edo proiektu horren atzetik ibili dira, baina Viveau izan da ametsezko ibilbide hori buruan marraztu eta jaitsi duen lehena. Jakina, xede hori aurrera eraman ahal izateko eite batzuk bere alde behar izan ditu; besteak beste, elurraren baldintzak.

Irudian ikusten denez, frantziarrak Gavarnieko zirkua «menderatzen» duen marra bat sortu du. Ikaragarri bezain erakargarria. Luzea eta zati batzuetan tentea ere bai. Marbore gailurretik hasita, 1.700 metroko jaitsiera ikusgarria!

Viveauren jaitsiera hori ikusi bezain laster, espezialista batzuek onartu dute Alpeetan egiten diren jaitsiera azpimarragarriekin alde txikia dagoela; luzeran, behinik behin. Gaves haranekoak ere iritzi berekoak dira, baina azken hauek «inbidia» puntu batekin geratu dira.

Eskiatzaile frantziarra oso zaildua izateaz gain, eskarmentu handia du aldats pikoetan. GARAri onartu dio negu osoa eskiatzen jarduten duela, eta Gavarnieko zirkuan egin berri duena aspaldi ibili duela buruan jira eta bueltaka: «Ingurumari honetako hainbat kide proiektu horren atzetik ibili dira. Ni ere ez naiz atzean geratu, eta eszenatoki hori maiz begiratu eta aztertu dut. Aurten ere gauza bera egin dut. Marboreko ipar-mendebaldeko isurialdea behin eta berriro begiratzen egon naiz. Jaitsi behar nuen ibilbideak ez zidan buruhausterik eragiten; bai, ordea, elurraren baldintzek. Iruditu zitzaidan une egokia zela, eta gehiegi pentsatu gabe hilaren 9an Marborera abiatu nintzen. Bakar-bakarrik. Normalean, izaera horretako jarduera bat egiteko nahiago dut kideren bat alboan izan. Askoz atseginagoa eta dibertigarriagoa da. Baina, diodan bezala, azken uneko erabakia izan zen, eta lagunen bat aurkitzea ezinezkoa izan zen. Gainera, oso jende gutxirekin egin ditzaket izaera horretako jardunak».

OSO LUZEA

Goizeko lauretan autoa aparkatu, motxila bizkarrean hartu eta lehen urratsak egin zituen. Viveauk argi zuen helburuak konpromiso handia eskatuko ziola; aipatu bezala, bakarrik egin baitu. Aukeratutako eguna ez zen eguzkitsua: «Lainotuta zegoen, baina elur geruzak nahiko ona zirudien. Eguna argitu baino lehen Marbore mendira (3.248 m) abiatu nintzen. Paillako ibilbidea hartu, Angleko korridorean sartu eta gailur horretara iritsi nintzen. Onartu behar dut igoera hori bakarrik egitea ez dela batere erraza. Gainera, arrisku puntu bat du. Bide batez esan behar dut jaitsiera ez nuela igoera bidetik egin; izan ere, alpinismoko igoera bat da, eta bakarrik egiteko zail samarra iruditu zitzaidan».

Motxilatik eskiak atera, oinetan jarri eta Viveau prest zegoen Gavarnieko zirkuaren jaitsiera integrala egiteko. Protagonistak adierazi du grabitatezko marra bati jarraitu ziola: «Marboreko gailurretik bertatik eskiatzen hasi nintzen; hots, Gavarnieko zirkuaren puntu garaienetik. Jaitsieraren lehen zatia Angleko korridorean egin nuen; sekzio horrek Marboreko mendebaldeko glaziarrera eramaten du. Glaziarrera heldu nintzenean, aldatsak leundu ziren; hau da, ez ziren aldez aurrekoak bezain tenteak. Lasaitasun keinu bat besterik ez zen izan. Hori diot jarraian beste korridore batean sartu nintzelako, eta hori askoz ere pikoagoa zen. Aurrerago erlaitz batekin topo egin nuen; hain zuzen ere, Gavarnieko zirku osoa menderatzen duena. Amaiera aldean, berriz, rappel bat egin behar izan nuen. Hain zuzen ere, Gavarnieko hotelaren gainean».

Denera, Viveauk 1.700 metroko desnibela duen jaitsiera egin zuen. Oso-oso luzea, Pirinioak direla aintzat hartuta. Eskiatzaileak onartu du Alpeetan ez dagoela hain luzerik: «Monte Rosako Marinelli korridorea ere oso luzea da, baina hori alde batera utzita zaila da Gavarniekoa bezain luzea aurkitzea».

Asko eskatu dion jarduera hori goizeko lauretan hasi zuen; amaitu, berriz, arratsaldeko zazpietan. Eskiatzaile frantziarrak esan du, oro har, eginiko jaitsiera nahiko eskuragarria dela: «Aipatu dudan amaierako rappel hori alde batera utzita, uste dut baldintza onekin eskiatzaile gehiagok egin dezaketela. Nire kasuan elur ona izan nuen, eta horrek pixka bat erraztu zuen aurretik nuen helburua. Bide batez onartu behar dut asko gozatu nuela jaitsierarekin. Bai, zati tekniko eta arriskutsu batzuk ditu, baina era berean naturalak eta atseginak ere bai. Berriro diot elurraren baldintzek lagundu zidaten».

Esan bezala, proiektu horretan Viveauk zenbait ertz orekatu behar izan zituen: elurraren baldintzak, aldats teknikoak eta tenteak, arriskua… Arlo horien guztien artean zein da gehien eskatu ziona? Honakoa erantzun du: «Zalantzarik gabe, niretzat zailena izan da alderdi fisikoa kudeatzea. Herritik bertatik irten nintzen, eta Marboreko gailurrera igotzea 1.900 metroko desnibela izan zen. Arriskutsua da, baina ez gehiegi. Eskaladan zein jaitsieran sekzio teknikoei aurre egin behar izan nien. Baina hori ez da jarduera horren atal garrantzitsuena izan; ez da muturrekoa izan. Teknikoki esan dezaket aldats pikoetan maila bat proposatzea ez dela batere erraza izaten, besteak beste, elurraren baldintzek jarduerak asko baldintzatzen dituztelako. Niretzat 5.4 E4 izan daiteke. Oso luzea denez, zailtasun hori alda daiteke. Baina argi dut jaitsitako baldintzekin ez dela 5.5».