Senarrek Buruz Buruko elitean merezitako lekua lortu du, Agirre menderatuta
Ataundarra 13-4 galtzen ari bazen ere, partida ekartzea lortu eta 20-22 irabazi zuen. Aurrez, Lizeaga Morgaetxebarriari 6-22 gailendu zitzaion.

Buruz Buruko atariko kanporaketak jokatu ziren atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hasteko, Agirrek eta Senarrek Maila Nagusiko Buruz Burukoan lekua bilatu zuten eta 13-4 atzetik joan bazen ere, Ataungo pilotariak 20-22 mendean hartu zuen Iruñekoa. Hala, berak lortu du pilotako elitean ondo merezitako lekua.
Neurketa oso gogorra izan zen, zinez, hasiera batean Agirrek bere aurkaria airean eramango zuela bazirudien ere. Ataundarra hasieran presaka bezala aritu zen eta aukera egokia izan zuen apurretan ere erabaki oso txarrak hartu zituen, oro har. Alde horretatik, Agirrek eskarmentu handiagoa duela erakutsi zuen aurreneko herenean eta une batez erraz irabazi behar zuela ere eman zuen. Beti menderatzaile eta erasora, erraz asko joan zen 13-4raino.
Nolanahi ere, gipuzkoarra partidan sartzen joan zen pixkanaka, bere lanari eta sufritzeko gaitasunari esker batez ere, Agirre ez baitzegoen ezer ere oparitzeko. Eta behin partidan sartuta, bere defentsarako gaitasuna eta kolpe latza erakusten hasi zen pilotari gipuzkoarra. Ez zuen inoiz ere etsi, ezta 13-4 atzetik joanda ere, eta apurka aurrerako bidea hartu zuen. Agirre ezin esan urduritu edo lotuta jokatzen hasi zenik, baina kolpez aurkaria bera baino gehiago izan zen, eta aukera izan zuenetan ere, pilotari nafarrak akaso presaka jokatu zuen tarte horretan. Horrela, atzetik aurrerako lan apartaren ostean, 17na berdintzea lortu zuen Senarrek, eta hori aski ez eta 17-21eraino ere joan zen.
Agirre ere ez zegoen etsitzeko eta 20-21eraino ekarri zuen partida. Beñat Senarrek izan zuen azken tarte horretan aukerarik lehenago ere partida amaitzeko, baina hor bai, bertigoak jo zuen Ataungo pilotari gaztea eta zulorik aurkitu ezinda ibili zen. Alabaina, azken tanto horretan dejada eskas batekin saldu zuen bere burua Agirrek, eta Senarrek atzean zigortu zuen aurkaria, jo edo eten, bolea bat Agirreri goiko koltxoira joan zitzaion arte. Aurkaria besarkatzeaz batera, pozarren baino gehiago, egindako balentria sinetsi ezinda geratu zen Ataungo pilotaria.
ERAKUSTALDIA
Aurrez, berriz, Lizeagaren erakustaldia izan zen Morgaetxeberriaren aurka jokatu zuen partidako ondorio nabarmenena. Morgaetxebarria airean eraman zuen Tolosako Beotibarren eta goitik behera menderatzaile izan ostean, 6-22 nagusitu zen Astigarragako atzelaria. Ordu erdi eskasean, 200 pilotakada baino dezente gutxiago jota -159, orotara-, Zornotzako pilotaria mendean erraz hartu zuen gipuzkoarrak eta B Serieko Txapelketan lekua egin zuen.
Aurreneko sakea Mogaetxeberriari egokitu zitzaion, baina Zornotzako pilotaria akordatu zenerako Lizeaga 0-7 eta 2-12 hanka eginda zegoen markagailuan. Atzelaria izanagatik ere, aurreko koadroetan txukun moldatu zen gipuzkoarra, ideia oso garbiekin eta errematea botatzeko orduan, bi hormakoa bereziki, zalantzarik egin gabe. Morgaetxebarriak ezin tantorik pilatu eta beti deseroso aritu zen, baita aukerako pilota izan zuen apurretan ere. Lizeaga, justu kontrako egoeran; haizea beti alde, Mogaetxebarria lekurik hartu ezinik, uste baino errazago gailendu zitzaion.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
