Arraroa? Bai zera!
Hasiera-hasieratik lur arraroen kontuarekin ernaldu delako edo, arrarotasun kutsua hartu zaio Estatu Batuek Groenlandia beretzeko darabilten delibero gero eta lotsagabeagoari. Duela dozena erdi bat urte, Trumpen (beste) ateraldi arraro bat zela ebatzi genuen. Eta orain, haren burutazioa baino askoz gehiago dela egiaztatu dugunean, egitasmo geopolitiko arraro samar baten emaitza izan daitekeela deritzogu. Errematerako, Putin bera atera da esanez berak «ulertzen» duela estatubatuarren asmoa. Eta horrek ere arrarotu egiten du kontua: ezin da parte onekoa izan, deabrua halako keinua egiten ari denean. Ontzat ematen duela esan nahi ote du «ulertze» horrek? Baina ez da horren arraroa, ikuspegi egokian kokatzen bagara.
Utz ditzagun lur arraroak beste baterako. Beharko dituzte Estatu Batuek, batez ere orain arte haien hornitzaile zintzo eta merkea izan duten Txinarekin liskarrean aurrera egin nahi badute. Baina lur arraroen auzia ez datza halakoak edukitzean (arraroak diren arren, mundu guztian daude), baizik haiek ustiatzean, ekoiztean. Eta Groenlandia ez da munduko lekurik erosoena izango horretarako. Luzaro.
Asko laguntzen dute mapek nazioarteko arazoen ikuspegi zorrotz samarra edukitzen. Eta mapek argi erakusten dute norainoko garrantzia duen Groenlandiak, Artikoaren «tarta-zatiak» banatu behar izanez gero.
Artikoa mortu izoztua ez beste zerbait izan daitekeela esaka hasi garen honetan, norbaiti otu zaio ez dela onargarria Danimarka bezalako herrialdetxo batek, Groenlandia duela eta, halako tarta-zatia beretzea ipar-txapel horretan. Eta, beharbada, biharko egunean, beste horrenbeste deliberatuko du Norvegia eta Svalbard irlei buruz. Ez da batere arraroa. Aspaldiko zerbait da, eta inperialismoa deitu ohi zaio.
Eta mapa horrek berak esaten du inperialismoaren kume zuzen-zuzena den Kanada matxarda batean harrapatuta edukiko duela Monroe presidentearen oinordekoen inperioak handik aurrera. Agian, horrek argituko lituzke dezente aldi berean entzuten ari garen «ateraldi» arraro horiek ere.

No es periodista, es un provocador fascista

Lakua pone 13,7 millones de ayudas en manos de un prevaricador

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas

BMW llegados desde Oviedo a Arkauti, Irun, Donostia... a 75.000 euros el coche
