Bestsellerrak euskaraz izan nahi ditugulako, «Paziente isila»
2019an atera zen Alex Michaelidesen «The Silent Patient», arrakasta handiarekin, thriller psikologiko erakargarria baita, «oso ongi egituratua eta irakurtzen segitzeko adikzioa sortzen duena», Ereinekin «Paziente isila» bilakatu duen Fernando Reyk azaldu zuenez.

«Bestsellerrak euskaraz eduki nahi ditugu», aldarrikatu zuen Uxue Razquin Ereineko editoreak. Argitaletxeak apustu hori egin du, eta zerrenda osatzerakoan “Paziente isila” izan da lehena, Alex Michaelides idazleak sortua eta Fernando Rey Escalera itzultzaileak euskaratua. Hainbat elementu erakargarri ikusi dizkiote. Hasteko, generoari erreparatu diote: thriller psikologikoa da, eta badu tragedia grekotik ere, Agatha Christieren nobelen estilotik.
Alicia Berenson arrakasta handiko margolariak bere senarrari bost tiro jo zizkion, eta mutu dago harrezkeroztik. Sei urteren buruan, Theo Faber psikoterapeuta Londres iparraldeko The Grove zentro psikiatrikoan hasiko da lanean, Berensoni lagundu nahian, eta ohartuko da uste baino askoz gehiago dagoela gordea isiltasun horretan.
Idazleak informazioa ederki dosifikatzen duela esan zuen Razquinek: «Jakin du zer kontatu eta zer ez».
ISILTASUNA OIHU BAT DA
Liburuak lortzen duen beste efektu bat orrialdea pasatzearena da; irakurleak bukatu nahi du, zer gertatzen ari den jakin. Itzultzaileak adierazi zuenez, «oso ongi egituratua dago eta ederki sortutako suspensea du oinarrian». Irakurlea aktibo jartzen du testuak, asmatu eta ikertu nahian.
Mamiari dagokionez, eromena eta zentro psikiatrikoak agertzen dira. Idazlea giza psikologian murgiltzen da erabat, eta hamaika leiho irekitzen ditu. Reyren hitzetan, hauek dira: «Isiltasunaren esanahia eta indarra, oihua ere badelako askotan, sufrimenduaren adierazpiderik indartsuena; haurtzaroaren garrantzia eta ze ezinbestekoa den maitatua sentitzea maitatu ahal izateko; baita osasun mentalaren atentzioa ere».
Burura etorri zaio ere zein lausoa den osasunaren eta gaixotasun mentalaren arteko muga. «Denok dugu harrikada bat, batzuei gehiago sumatzen zaie, baina izan denok dugu. Niri gogoeta piztu dit nolakoak diren zentro psikiatrikoak, terapiak, horien etika».
ATAL LABURRAK, AMU GISA
Estiloari buruz, kapitulu laburrak direla kontatu zuen itzultzaileak, amua jartzen dutenak. Bi plano daude: narratzailearen haria, psikoterapeutarena, eta tarteka Alicia Berenson gaixoaren barne egunkaria. «Horrek ere efektu polita egiten du, bilbea oso ongi egina du autoreak». Elkarrizketa eta deskripzioak «oso sinesgarriak» iruditu zaizkio Fernando Reyri, eta estiloa, argia eta zuzena. «Oso ongi deskribatuak daude espazioak, pertsonen psikologiak, begiradak, tentsio uneak. Psikoterapeutaren eta Aliciaren arteko interakzioa ere bai».
Itzulpena gustura egin du berak eta espero du emaitzan sumatzea. «Jatorrizko nobela 2019an argitaratu zen eta euskarara 2025ean ailegatu zaigu. Tira, ez dago gaizki, baina egia da jende askok jada irakurria duela. Berandu ailegatzen gara batzuetan. Itzulpen sisteman indar pixka bat egin beharko litzateke hizkuntza ahul eta minorizatu honi laguntzeko. Eskertzekoa da Ereinen ahalegina. Izan ere, hau bestseller oso on bat da», egin zuen aldarria iruindarrak.
Eleberri luzexka da, eta zailtasuna tonuarekin asmatzea eta euskara egokian ematea izan da berarentzat. «Ahaleginak egin ditut irakurlea istorioan sar dadin, bere buruari galdetu gabe itzulpena denik ere. Beti bezala, laguntza izan dut, Xabier Olarrarena kasu honetan, zalantzak argitzeko. Horrek produktua hobetzen du. Bakarka egiten den talde lana da itzultzailearena», definitu zuen.
Honako desioarekin agurtu zen itzultzailea: «Jende askok esan dit izugarri disfrutatu duela liburuarekin; espero dut irakurle euskaldunak ere berdin sentitzea».

«El París abre de nuevo durante la cena, los usuarios lo han entendido»

Los gurús del capitalismo se levantan contra Trump tras el caos bursátil

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik

No es periodista, es un provocador fascista
