GARA
ARBERATZE-ZILHEKOA

Bengo, Inertzia, Tapia eta Leturia eta beste zenbait batu dira EHZren kartelera

Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia eta Leturia eta Txaptrax taldeak batu dira ekainaren 27tik 29ra Arberatze Zilhekoak hartuko duen EHZ festibalaren kartelera. Talde berriak iragartzeaz batera, jakinarazi zuten maiatzean laguntzaileek izena emateko epea irekiko dela eta bonuak salgai daudela.

Besteren artean, Bengo EHZn izango dela iragarri dute.
Besteren artean, Bengo EHZn izango dela iragarri dute. (MUGA STUDIO)

‘‘Lurraren erritmoa’’ lemapean Arberatze-Zilhekoan iraganen da aurten EHZ festibala ekainaren 27, 28 eta 29an eta, aurrez iragarritakoez gainera, beste zenbait talde batu dira kartelera, atzo antolatzaileek iragarri zutenez: Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia eta Leturia eta Txaptrax taldeak, hain zuzen ere.

Hala, uda sasoiko hiru egun horietan festibalak orotariko musika eskaintza zabalduko duela nabarmendu zuten, eta gogora ekarri zuten aurrez iragarriak zituztela Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio byzance eta Maskak taldeen parte hartzea.

«Orotariko musika estiloak oholtzara eramanen ditugu, doinu eta adierazpen mota ezberdinak taularatuz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz», iragarri zuten.

Egunean zehar, Arberatzeko plaza denentzat irekia egongo da eta bertan orotariko animazioak izango dira (zirkua, kontzertuak, haurren xokoa...). «Azken urteetan bezala, mintzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak antolatuak izanen dira hainbat gairen inguruan. Eguneko programazioari dagokionez, Cie Choari eta Queer Falafel artistak izanen ditugu», esan zuten.

Arratsetik goiti, bi eszenatan banatua izanen da pentzea eta bertan segituko dute kontzertuek.

Era berean, aurkezpenak egiten jarraituko dutela ere nabarmendu zuten: «Euskal kultura eta Euskal Herria Zuzenean festibala aurkezteko saioak antolatu ditugu Iparraldeko ikastetxe anitzetan», iragarri zuten, eta, besteak beste, Etxepare, Villa Pia, Saint Thomas, Cassin eta Navarre lizeoetan saioak izango direla jakinarazi zuten.

Gogora ekarri zuten EHZ jaialdiak orain arte egindako ibilbidea ere: «Arrosako zolatik Arberatzeko plazara bide luzea egina du EHZk. Idauze-Mendi, Heletan, Lekorne eta Irisarrin barna, munduko herrien zein orotariko jende, doinu eta borroken topaleku izan da».

Festibalaren balioak eta belaunaldi berrietan eragiteko nahia ere utzi zuten agerian: «Auzolanean eraikitzen den festibal honen baloreak gazteei transmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu, bizi den euskal kulturaren inguruko ezagutza sustatzeko xedearekin».

Alde horretatik, EHZ posible egiten dutenak festibalaren alde boluntario lan egiten duten «ehundaka laguntzaile eta militanteak» direla ziurtatu zuten, baita «auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea» direla EHZren oinarrizko balioak ere. Hala, maiatzean laguntzaileen izen-emate orria irekiko dutela jakinarazi zuten, Ehz.eus webgunean. Azkenik, iragarri zuten 3 eguneko bonuak 53 euroan salgai direla maiatzaren 6ra arte (63 euroan izanen dira hortik aitzina). Egunez eguneko sarrerak maiatzaren 6tik aitzina izanen dira salgai.