Ramon SOLA
IRUÑEA
ESTATUS BERRIA

Otegik «anbizio nazionala» eskatu dio Estebani estatus berriaren arloan

EAJko presidente Aitor Estebanek «zailtasunak» nabarmendu ditu estatus berria lortzeko bidean, eta hark esandakoari heldu zion atzo EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik: «Zuhurtzia izatea ondo dago, baina anbizio nazionala ere behar da». PSEren barruan ere gauzak mugitzen ari direla aditzera eman zuen Otegik.

Arnaldo Otegi eta Aitor Esteban, elkarrekin solasean, «atsegin», asteleheneko Gernikako saioan.
Arnaldo Otegi eta Aitor Esteban, elkarrekin solasean, «atsegin», asteleheneko Gernikako saioan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean mintzatu zen atzo, eta EAJren lidergoa hartu berri duen Aitor Estebanek esandakoari buruz galdetu zioten. 24 ordu lehenago Radio Euskadin eginiko elkarrizketan ezkor ageri zen agintari jelkidea estatus berriaren arloan, aurrerapenik izatekotan epe luzera izango direla aipatuz eta Madrilen dauden zailtasunen gainean fokua jarriz.

«Urte asko daramatzagu honetaz hitz egiten, eta aurrera egin dugula esan dezakegu», aipatu zuen Otegik ezer baino lehen. Eta testuingurua erantsi zion: «Aukeren leihoa orain dugu, [Pedro] Sanchezen Gobernuaren alternatiba badakigulako zein den. Denbora ez da mugagabea».

Agertoki honetan, eta are gehiago Madrilen 21 urtetan pilatutako eskarmentua ezagututa, Aitor Esteban «zuhur» ibili izana neurri batean ulertzen duela esan zuen Otegik. «Berak zuhurtzia jarri nahi dio egoerari, eta hori ongi dago, baina guk anbizioa jarri nahi diogu, anbizio nazionala behar dugulako. Oreka bilatu behar da hor», ohartarazi zuen. Edozein kasutan, ez du uste EAJko presidenteak adierazitakoak «desmotibagarria» izan behar duenik.

Elkarrizketa prozesu honetan gailentzen ari den diskreziotik aldendu gabe, «aurrera egin dugula» berretsi zuen EH Bilduko idazkari nagusiak. EAJren eta EH Bilduren artean bereziki, baina PSEren barruan ere, gauzak mugitzen ari direla aditzera eman zuen: Euskal nazioaren onarpenaz Eneko Anduezak esandakoari «balioa emango nioke -esan zuen Otegik-. Hortik bide bat hasten da. Eta horrek gauza asko dakar atzetik».

Estatu mailan PSOEk ere hori bere egin ote dezakeen galdetuta, «ez nuke esango Moncloaren oniritzirik dagoenik», argi utzi zuen Otegik. Egungo egoera definitzeko, inbestidura saio batean Mertxe Aizpuruak Kongresuan aipatutako EH Bilduren hiru lehentasunak gogora ekarri zituen. Horietako bat «arazo nazionalari irtenbidea ematea zen, eta horretaz hitz egiten ari gara».

«Lehenengo urratsa Euskal Herrian akordioa erdiestea da: Zer behar dugu aurrera egiteko? Une disruptibo honetan nola babestu behar dugu gure burua?», erantsi zuen. Eta estatusaren gainetiko eztabaida zazpi lurraldeetan sustraiturik dagoelako pozik zen Otegi.

GUTXIENEKOAK

Astelehenean Gernikan eginiko Legebiltzarraren ospakizunean Esteban eta Otegi elkarren ondoan eserita egon ziren. Horri buruz galdetuta, «biak atsegin egon ginen -erantzun zuen Otegik-. Bakoitzaren nortasunaren gainetik beharrezkoa da hori. Bi familia abertzaleon lidergoan gaude orain, eta ondo konpondu behar dugu. Elkarrizketa atsegina izan genuen».

Hala, Legebiltzarrak eragiten dizkion bi oroitzapen onenak Ibarretxe Plana eta aurretiko Lizarra-Garaziren garaiak direla onartu zuen Otegik. «Koiuntura historiko batzuetan batu gara, eta etorkizunean ere abertzaleek ezin dugu ‘zero batuketan’ ibili», adierazi zuen. EH Bilduk azken Kongresuan onetsitako ebazpena gogoratu zuen, zeinean espainiar edota europar hauteskundeetara abertzaleak batera agertzeko aukera sustatzen den. «Ez du zentzu handirik Madrilen lehian aritzeak. Gutxieneko akordioen bidez egin daiteke. Eta zein da gutxieneko hori? Estebanek berak esan zuen Kongresuan, agur esateko orduan: Gora Euskadi askatuta!».