Guardianeko EEEaren negoziazio epea akordiorik gabe amaitu da
Akordiorik gabe amaitu dela Guardianeko Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziazio epea, adierazi zuen atzo ELAk. Ez dira arrazoiak egiaztatu, eta kaleratze kolektiboaren aurka egingo du epaitegietan. Sunsundeguik laster ekingo dio EEEaren kontsulta aldiari.

Laudioko Guardian enpresako Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) kontsulta aldia amaitu egin da, akordiorik gabe.
ELAk bidalitako ohar batean salatu zuenez, «prozesu horretan konpainiak ez ditu kaleratzeen arrazoiak egiaztatu, eta aukera bakarra planteatu du: kaleratzeak onartzea kalte ordainen truke».
Gainera, ELAk ohartarazi zuen EEEari buruzko kontsulta aldia «akastuna» izan zela, «labea modu irregularrean itzali zutelako».
Sindikatuaren arabera, «multinazional amerikarrak 2020an iruzurrezko salmentarekin eta 2024ko uztailean Autoglasseko langileen kaleratzearekin hasitako zirkulua itxi nahi du» Guardianekin.
Era berean, kritikatu zuen «inoiz ez dela egon industria proiekturik lanpostuak bermatzeko». Horrela, «Guardian ixteko prozesuan erakundeak, eta bereziki Eusko Jaurlaritza, multinazionalarekin batera joan izana» gaitzetsi zuen.
Negoziazioa amaituta, ELAk helegite bat aurkeztuko du bide juridikoa hasteko.
Laudioko Guardian enpresaren zuzendaritzak urtarrilaren 21ean, ezusteko bilera batean, enpresa batzordeari adierazi zion ekainean lantegia ixteko asmoa, eta, horrenbestez, 171 langileen kontratuak eteteko asmoa.
Joan den astean, Lakuako Gobernua zenbait inbertsore posiblerekin bildu zen, eta, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak astearte honetan azaldu zuenez, horietako bik Laudioko lantegirako «proiektu osagarriak» aurkeztu dituzte.
Jauregik ez zuen xehetasun gehiago eman nahi izan, «diskrezioagatik», eta oraindik Guardianekin negoziatu behar delako, baina onartu zuen aukera hori a priori Jaurlaritzaren gustukoa dela, behin baino gehiagotan errepikatu baitu prest dagoela lantegirako proiektu berri bat diruz «laguntzeko».
SUNSUNDEGUIKO KONTSULTA ALDIA, LASTER
Altsasun, Dumarey talde inbertitzaile belgikarrak Sunsundegui berriz martxan jartzeko eta lantegia ixtea saihesteko egindako aukera bertan behera geratu ostean, konkurtso administrazioak enpresa batzordeari jakinarazi dio laster hasiko dela 300 langile baino gehiago kalean utziko dituen lan erregulazioko espedientearen kontsulta aldia.
Hala adierazi zuen atzo ELAk ohar batean, eta salatu zuen langileak kalean geratzetik hurbilago daudela egunetik egunera. Sindikatuak kritikatu zuenez, «ez zaie inolako informaziorik eman langileen ordezkariei, kaleratze kolektiboa gauzatzeko kontsulta aldia hasi nahi dutela iragartzeaz gain».
ELAk, batzordean hamahiru ordezkarietatik bi dituela, albiste hau «Sakanarentzat kolpe gogorra» dela deitoratu zuen, eta Sunsundeguirekin gertatutakoa «Nafarroako Gobernuaren industria politikaren porrotaren azken erakuslea» dela nabarmendu zuen.

Muga-zergak: galdera ez da zergatik, baizik eta zertarako

GHK responde a ToxicoWatch con otro estudio previo de BioGipuzkoa

«Euskaldunen errekonozimendu bat dago Nafarroa osoan»

«El París abre de nuevo durante la cena, los usuarios lo han entendido»
