GARA
GASTEIZ

Hezkuntza publikoko sindikatuek bederatzigarren greba eguna bete dute, eta lanuzteen beste etapa bat iragarri dute

Irakasleek Lakuara eraman zuten aldarria.
Irakasleek Lakuara eraman zuten aldarria. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek bederatzigarren greba eguna bete zuten atzo. Gasteizko manifestazioa izan zen mobilizaziorik garrantzitsuena. Aurreko egunetan izandako parte hartzeari eutsi zioten: %75. Eta Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek greben hirugarren fase bat egongo dela iragarri zuten, zehaztapen gehiago eman gabe.

“Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” leloaren inguruan milaka langile batu ziren. Horiek berriro salatu zuten Hezkuntza Sailaren jarrera. Joan den asteko astelehenean egindako saiakera ez zen ongi atera, eta Begoña Pedrosaren taldeak negoziazioari ez ekitea erabaki du, aurretik greba bertan behera uzten ez baldin bada. Hala, auzia irtenbiderik ikusten ez zaion kiribil batean sartu da.

Sindikatuek salatu zutenez, Sailak erakutsi nahi izan du greba hauek agerian uzten ari diren arazo eta eskariek «ez dutela zerikusirik hezkuntza publikoaren eta ikasleriaren beharrak hobetzearekin. Baina ikasleen premiei erantzuteko baliabideak handitzea, lana eta hezkuntza taldeak egonkortzea eta plantillak gaztetzea hezkuntza publikoa sendotzea da», azpimarratu zuten.

INDARTSU GAUDE JARRAITZEKO

Esan zutenez, irakasleek argi utzi dute zein den beren asmoa, eta helburu horren alde borrokan segituko dute «benetako negoziazio bat» eman arte. Izan ere, ikusten dute grebak direla Gobernua mugiarazten duten «gauza bakarra». «Akordio posibleak edukia eta zehaztasuna eskatzen ditu», adierazi zuten.

15 urte dira hitzarmena eguneratu gabe, eta «aski da», esan zioten Pradalesen Gobernuari. Horrekin batera, ohartarazi zioten aldarriei erantzuten ez badie, greban jarraitzeko indarra dutela.

Haizea Arbide Steilaseko ordezkariak esan zuen Hezkuntza Sailaren deia espero dutela, mahai gainean nahiko eduki jartzeko. Gainerakoan, lanuzteak antolatzen segituko dutela abisatu zuen.