GARA
DONOSTIA

Harreraren kutxa solidarioak, salgai apirilean zehar

Bazkide berriak lortzeko egiten ari den kanpainaren barruan, Harrera elkarteak preso eta iheslari ohien eskubideen aldeko kutxa solidarioak salduko ditu datozen egunotan.

Euskal artistek Harrerarentzat prestaturiko kutxak.
Euskal artistek Harrerarentzat prestaturiko kutxak. (HARRERA ELKARTEA)

Harrera Elkarteak 5.000 bazkide lortzeko kanpaina martxan jarri du aurten, Euskal Herrian motibazio politikoko delituak egiteagatik zigorra bete duten edo betetzen ari diren pertsonei laguntza ematen jarraitu ahal izateko.

Kanpaina horren barruan, sei euskal artistak beste hainbeste kutxa solidario apaindu dituzte, eta bakoitza 15 euroan saltzen du Harrera Elkarteak. Dora Salazar, Juan Gorriti, Eider Eibar, Gonzalo Etxebarria, Irantzu Lekue eta Jose Luis Zumetaren lanak dira (azken hori, Zumeta familiari esker).

Kutxak apaintzen dituzten irudi ederrez gain, barruan hostorezko palmerak eta txokolatezko arrokak dituzte. Artista solidarioen sei kutxetako bat eskuratzeko 15 euro baino ez dira ordaindu behar.

Elkarteak azaldu duenez, kartzelako ibilbidea egin ostean, gero eta preso gehiago ari dira kalera ateratzen, baldintza desberdinetan, eta ibilbide horretan laguntza maila ezberdinak behar dituzte. Agiriak eskuratzetik lana lortzeraino, kalera irteten diren presoek eta atzerritik Euskal Herrira bueltatzen diren lagunek dena dute egiteko. Egoera berri honetara alde guztiak egokitu behar dira, bai erakunde publikoak, baita jendarte zibila ere.

Kutxen kanpaina otsailean hasi zen, Abadiñoko San Blas azokan, eta apirilean zehar Euskal Herriko hainbat herritan egingo da. Zehazki, apirilaren 11n, Laudion, Dolumin Barikuan; apirilaren 12an, Bergaran, Erramu Zapatuan; apirilaren 13an, Larrabetzun, Txakolin Egunean; eta, azkenik, apirilaren 20an, Iruñean, EH Bilduren Aberri Egunean.

KANPAINA

Gainera, jendea harpidetza egitera erakartzeko kanpaina abian dago, 60 eurotik gorako kuotarekin. Ekarpenak hilekoak, hiruhilekoak, sei hilekoak edo urtekoak izan daitezke, hain zuzen ere.

Kanpaina Abadiñoko San Blas azokan hasi zen eta Hego Euskal Herrian zehar zabaltzen joan da jaietan, azoketan eta beste hainbat ekitalditan.

Hala, herri eta auzoetan hitzaldiak ematen ari dira; horietan azaltzen dute 2012ko ekainean sortu zenetik elkartearen bilakaera nolakoa izan den, «beren bizitza modu duinean eraiki ahal izan dezaten» kartzela edo erbestea pairatu duten Euskal Herriko emakume eta gizonei gizarteratzen laguntzeko lan horretan.

«Dirua beti betikoen poltsikoetatik ez ateratzea» nahi dute, diru-sarrera egonkorrak izatea, aldizka jasotzen dituzten dohaintzak alde batera utzita. Beharrak handiagoak dira, eta are gehiago handituko direla aurreikusten dute; izan ere, espetxeak hustu ahala, Harreraren laguntza behar duten pertsonen kopurua handitu egiten da. Egoera berbera da erbesteratu eta deportatuen kasuan.