GARA
IRUÑEA

Sortzen Jaia bueltan da, babes kanpainarekin: Iruñeko Takoneran, maiatzaren 18an

Pandemiatik ospatzeari utzi zion besta berreskuratzera doa Sortzen. Iruñeko Takoneran izanen da, maiatzaren 18an, egitarau betearekin, euskara, elkartearen lana eta komunitateen ekarpena ardatz hartuta.

Sortzen Elkarteko kideak, jaia aurkezten, Iruñean.
Sortzen Elkarteko kideak, jaia aurkezten, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sortzen Elkarteak bere lanaren inguruko informazioa emateaz gain, norbanako bazkideak lortzeko kanpaina hasiko du. Euskal eskola publiko berriaren aldeko elkartearen koordinazio, komunikazio eta proiektu ugarien sustapen lanetarako diru iturri independenteak areagotzea eta prekarizaziotik ateratzea da kanpaina honen xedea.

D ereduko eskola publikoetako hezkuntza komunitateko kideak saretzen ditu elkarteak: guraso elkarteak, familiak, hezitzaileak zein langileak. Eta mugimendua hobeki ezagutzeko aukera ederra izanen da maiatzaren 18an, igandearekin, Iruñeko Takoneran ospatuko den Sortzen Jaia.

Pandemian galdu zen besta berreskuratzera doaz. Azken hilabeteetan, D eredu publikoko guraso eta langile boluntarioek egitarau zabala prestatu dute, euskara, Sortzenen lana eta komunitateen borondatezko parte-hartzea erdian jarrita.

11.30ean hasiko da jaia, alde batetik Nafarroako Antzerki Eskolan, han eskainiko dutelako “Euskara antzokira” ikasleen ikuskizuna. Antzerki Eskolan bertan jarriko dira salgai sarrerak. Handik kalejiran joanen dira Takonerara. Parkean izanen dira jada haurrak, jolasean gozatzen.

Bazkaria Ondalankoopek prestatuko du. Tiketak eskoletan jarriko dira salgai aldez aurretik. Sabela beteta, gustura arituko dira kantuz, eta gero gorputza mugituko dute kontzertuan. Gainera, tonbola, barra, Saldiasko talogileak, puzgarriak, Makusi gunea eta Sortzen Puntua izanen dira.

SORTZENEN LANA IKUSGAI

Jaian, Sortzenen zeregina ikusaraziko dute. Euskararen Normalizazio Planaz (ENP) ariko dira, errate baterako. Ikas-komunitateetako eragileak elkarlanean ari dira, euskararen ahozko gaitasun eta erabileran salto bat eman nahian. Jauzi.eus, Iruñerriko euskara hutsezko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea, plan horretan sartzen da. Jaian bertako eskaintza azalduko dute.

“Denon eskola, guztiondako euskara”, Sortzen, SOS Arrazakeria eta Iruñerriko D eredu publikoko hainbat eskolak abiatutako proiektua, ere ezagutaraziko dute. Egiturazko arrazakeria landu eta D eredua eta jatorri migranteko komunitateak hurbildu nahi ditu.