I. ESPARZA - M. UBIRIA
BAIONA

EEPk eta Lakuako Gobernuak emendatzerik gabeko buxeta aurkeztu dute

EEPk eta Lakuak 2025-2029 hizkuntza politikari buruzko lankidetzaren irizpideak eta erronkak finkatzen dituen hitzarmena izenpetu zuten atzo Baionan. Iazko zifra bera atxikiko du buxetak.

Irudian, Maider Behoteguy eta Ibone Bengoetxea.
Irudian, Maider Behoteguy eta Ibone Bengoetxea. (Guillaume FAUVEAU)

Maider Behoteguyk, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak, eta Ibone Bengoetxeak, Lakuako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak, euskara elkarlanean sustatzeko erakunde bien engaiamendua berretsi zuten atzo Baionan, “Kazeta”-k berri eman zuenez.

Elkarlanari segida emanez, 2025-2029 eperako hizkuntza politikari buruzko lankidetzaren irizpide eta erronkak finkatzen dituen bosgarren hitzarmena izenpetu zuten. Lankidetzaren lan ildoak ezagutzera ematearekin batera, erakunde bien diru ekarpena zehaztu zuten: EEPk 1.530.000 euro ezarriko ditu, eta Lakuak, berriz, 400.000 euro.

Bengoetxeak adierazi zuenez, «jauzi kualitatiboa» eman nahi dute euskararen erabileran eta ezinbesteko ikusten dute zubiak eraikitzea eta lurraldeen arteko harremana sendotzea. Itunak «komunitate sentipena sorraraztea» helburu duela gaineratu zuen.

EMENDATU GABEKO BUXETA

Orotara 1.930.000 euroko buxeta adostearekin, hizkuntza politikaren aktoreak eta jarduerak sustatzeko inbertsioa ez da emendatuko, nahiz eta euskara garatzeko lanean diharduten eragile esanguratsuek aspalditik jauzia emateko galdetu duten. 2024an aurkezturiko buxetari buruz haserre bizia agertu zuten jadaneko Euskal Konfederazioaren pean jarduten duten ordezkariek. Kontuak horrela, atzo aurkezturiko hitzarmenak ezingo du kezka hori baretu.

Hain zuzen ere, aurrekontua bi multzotan banatuko da: 1.793.500 euro ezarriko dira Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, eta 136.500 euro beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, Hizkuntza Jarduera Proiektu Deialdiaren bidez.

AURREKONTUAREN BLOKEATZEA

Hitzarmen berriaren aurkezpena EEPren biltzar nagusiaren biharamunean heldu zen. Bertan baieztatu zen aurrekontua ez emendatzeko erabakia. Iazko abenduan EEPk urtebeteko epea aitortu zion bere buruari, aurrekontuen blokeoak sorturiko krisia gainditzeko. Baina, lau hilabete ondotik ikus daitekeenez, egoera ez da aldatu.

Euskal Hirigune Elkargoak salbu, beste erakundeek ez dute dirulaguntza emendatzeko asmorik euskara sustatzeko.