Dariok final laurdenetako txartela eraman du tentsio handiko partidan
Buruz Buruko final zortzirenetako partidan Dariok aise garaitu zuen Jon Ander Peña eta, beraz, errioxarrak osatuko du A multzoa Altuna, Larrazabal eta Zabala herrikidearekin batera. Tolosarrak, beste urte batez, kolpea eraman du atariko kanporaketan.

Tentsio asko eta txispa gutxi. Buruz Buruko aurre kanporaketetako partidek horixe izaten dute, kale edo balekoa izaki, urduritasuna gailentzen dela. Testuinguru horretan Dariok aise menderatu zuen Jon Ander Peña, eskuinkada indartsuez jokoz kanpo utzita. Urrats handia egin du errioxarrak eta final laurdenetan Altuna, Zabala eta Larrazabalekin osatuko du multzoa. Bestalde, tolosarrak beste urte batez kale egin du multzoen fasera sailkatzeko lehian. Baikoko aurrelaria penatuta agertu bazen ere, filosofiaz hartu zuen kanporatzea, «atseden apur bat ongi etorriko» zaiola adierazita.
«Presa gehiagorekin» aritu zen gipuzkoarra, eta horrek kalte egin zion. Bi pilotariek irakurketa antzekoa egin zuten partida ondoko adierazpenetan, hain zuzen demak askorako ez baitzuen eman. Peña II.ak 1-2ko lehenbiziko abantaila eskuratu zuen hasieran, Dariok gora botatako pilotakada bat eta sakean egindako tanto bat tarteko. Hortik aurrera Ezkaraikoak pilotalekuari neurria hartu zion eta apenas aukerarik utzi zion Baikokoari (6-2).
Tanto batzuk trukatu zituzten segidan. Tolosarraren gorabeheren isla izan zen 6-3koan motzegi ateratako sakea eta 6-4koa egiteko bota zuen hormabiko bikaina. Gutxirako balio izan zion susperraldiak, errioxarrak berehala sakea berreskuratu eta 11raino ihes egin baitzuen. Peñari falta izan zitzaion jarraitutasuna izan zuen Dariok.
DARIO, POZIK
Gipuzkoarrak izan zuen nolabaiteko oldarraldia lehenengo atsedenaldi luzearen aurretik (11-8), baina aldageletatik bueltan Dariok zortzi tanto egin zituen jarraian, eskuinez sasoiko dagoela erakutsiz (20-8). Azken takada bat egin zuen Peñak, baina berriz ere Dario Gomezen eskuinkada nagusitu zen Labriteko kantxan.
«Biok tentsio handiarekin ari ginen. Jon Ander presa gehiegirekin ibili da, eta horrek kalte egin dio», esan zuen errioxarrak, eta tantoen poderioz eroso sentitu zela adierazi zuen. Pozik agertu zen final laurdenetako ligaxkarako urratsa egin baitu. «Orain hiru partida polit datoz, jokatzea gustatzen zaizkigun horietakoak, pilotalekuak betetzen dituztenak», esan zuen Ezkaraiko aurrelariak.
Buruz Buruko final zortzirenetako partida konplikatuena izan ohi dela onartu zuen, «beste hiru partida handi bermatu ditzakezulako edo bat bera ere ez». Alde horretatik, kalitate handiko aurkarien kontra neurtuko ditu indarrak aurrerantzean. Altuna, Zabala eta Larrazabalekin osatuko du multzoa eta lehenbiziko partida bere herrikidearen aurka jokatuko du Gasteizen, Ogeta pilotalekuan, hurrengo ostiralean: «Errioxarren arteko norgehiagoka izango da, eta espero dut bion artean partida polit bat osatzea».
Larrazabal eta Elordi ere final laurdenetan
Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkara urratsa egin duten beste bi pilotariak Larrazabal eta Elordi dira. Lehenbizikoaren kasuan, aste oso gogorra igarotako Ezkurdiaren aurka eskuratu zuen garaipena, tentsio handiko partidan, azken unera arte ez baitzen dema erabaki.
Egoera latzean zetorren Joseba Ezkurdia, duela lau egun eskas aita hil zitzaiolako. Entrenatzeko aukerarik ez zuela izan bistan da; Binakakoan Rezustarekin lortutako txapela ospatzeko ere ez. Dena den, saminari aurre egin zion eta zenbait unetan gainditu ere bai. 21-21ekoarekin sakea alde izan zuen, baina tanto hori ederki jokatu zuen Iker Larrazabalek, eta lehen aldiz jokatuko du Buruz Buruko txapelketa nagusia.
Atzoko beste deman, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutakoan, Elordik sufrituta lortu zuen final laurdenetako txartela. Partida menderatzen ari zela zirudien, tarteak ere ireki zituen (12-4 eta 18-8), baina azken txanpan sekulako oldarraldia erakutsi zuen Senarrek, eta ezusteko emateko zorian egon zen. Azkenean, bi tantogatik gailendu zen bizkaitarra (22-20), eta 2023an irabazi zuen txapela errepikatzeko borrokan izango da. Laso, Artola eta Peio Etxeberria edo Jaka izango ditu aurkari.

«El París abre de nuevo durante la cena, los usuarios lo han entendido»

Los gurús del capitalismo se levantan contra Trump tras el caos bursátil

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik

No es periodista, es un provocador fascista
