Gernika Batailoiaren balioekin bat egin dute omenaldian
«Demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizia arriskatu zutenak» omendu zituen atzo Lakuako Gobernuak Gernika-Lumon, bertako Udalarekin batera. 1945eko apirileko Pointe de Graveko gudutik 80 urtera, balio horiek berretsi zituzten.

Diskurtso populista eta autoritarioei aurre egiteko prest azaldu zen Imanol Pradales Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria, atzo Gernika Batailoiari egindako omenaldian. «Indartsuenaren legean oinarritutako munduko ordena bat» defendatzen dutenei erantzutearen alde azaldu zen, eta Europak «baturik, gerraren aldeko diskurtsoetan eta arrazoirik gabeko alarmismoetan erori gabe» jokatu behar duela adierazi zuen, «bere askatasuna, segurtasuna eta sortu zeneko balioak babesteko».
80 urte dira Pointe de Graveko (Estatu frantsesa) gudatik, eta urteurren horretan omendu zituen Lakuako Gobernuak, Gogora Institutuarekin eta Gernika-Lumoko Udalarekin batera, «demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizia arriskatu zutenak».
SINBOLO BAT
Gerra galdu ondoren ere, «gure herriak demokrazia eta giza eskubideak defendatzen jarraitu zuen Europan», nabarmendu zuen Pradalesek. Esan zuenez, Gernika Batailoia «Euskadiren sinboloa da, egoera dramatiko eta ohiz kanpokoetan, diktadurak eta erbesteak ahulduta, totalitarismoari aurre egiteko lankidetzan aritzeko eta antolatzeko gai izan zena. Ohore egiteko modurik onena, sakrifikatu zireneko hura baloratzea eta babestea da», esan zuen EAEko lehendakariak.
POINTE DE GRAVE
Gernika Batailoia Euskadiko behin-behineko gobernuak sortu zuen, Kepa Ordoki ANVko militantea gidari zela. Alderdi eta sindikatu ugaritako gudulariak batu, eta ideologikoki anitza zen gudarostea osatu zuten. 1945eko apirilean, ideologia anarkistako errepublikano espainiarrek osatutako Libertad Batailoiaren ondoan, Gernika Batailoiak nazi alemaniarren aurka borrokatu zuen Pointe de Graveko batailan, Medoc eskualdean. Guztira, Gernika batailoiko bost kide hil ziren, eta beste 35 zauritu.
Hauek izan ziren bizia galdu zuten bost borrokalariak: Felix Iglesias Mina, Atarrabiakoa; Juan Jose Jausoro Sasia, Alonsotegikoa; Antonio Lizarralde Garamendi, Durangokoa; Antonio Mujika Arrizabalaga, Donostiakoa; eta Prudencio Orbiz Uranga, Villabonakoa.
SENIDEEN PARTAIDETZA
Ekitaldian borrokalarien ondorengoek parte hartu zuten. Han izan ziren Txomin Arruti, Gotzon Arrutiren iloba; Joserra Atorrasagasti, Jokin Atorrasagastiren semea; Koro Mujika, Antxon Mujikaren iloba, eta baita Gernika Batailoiko kideen beste 30 senide ere. Ohorezko aurreskuaren ondoren, lore eskaintza egin zuten, lehendakariak eta erakundeetako ordezkariek lagunduta.
Erakundeen parte hartzea ere garrantzitsua izan zen. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea buru, han elkartu ziren Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordea, Victoria de Jesus Ertzaintzako zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzako burua. Legebiltzarretik, Bakartxo Tejeria presidentea, Eba Blanco bigarren presidenteordea, Jon Aiartza lehen idazkaria, eta Irune Zuluaga, Ima Garrastatxu, Pau Blasi eta Xabier Barandiaran legebiltzarkideak izan ziren.
Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, Ana Otadui presidentea eta Rakel Goñi bigarren presidenteordea izan ziren. Jarraian, omenduei harrera egin zieten batzar etxean, Gernikako Arbolaren magalean. Mezuak utzi dituzte ohorezko liburuan.

Lakua pone 13,7 millones de ayudas en manos de un prevaricador

ETENGABEKO KARTOGRAFIAN DAGOEN TRIKU HERRIA

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas

BMW llegados desde Oviedo a Arkauti, Irun, Donostia... a 75.000 euros el coche
