Uda-zerbak!
Ez, ez dago aspertzeko unerik azken boladan, tenore onean egoteko motiborik ere ez. Lurtar legez ari naiz, planetako munduetan sortzen ari diren izu-ikara antzekoei erreparatuz. Erraza da gaur egunean ezkorra izatea, gaitza ordea ezkor aktiboa izatea. Lehen dena zen likidoa, orain lurrunkor! Hortaz, orain gutxi egunkari honek erreportajea zekarren kakaoak nazioarteko merkatuetan zituen gorabeheren gainean. Aste honetan, ostera, erreportajeak beste ardatz batekoak izan dira, nazioarteko merkatuetan sortu berri den kakaoaren gainekoak. Eta putreak beti presente!
Ustez bazen planetan ordena, merkatu librean sikiera. Bada, hara! usteak ustel! Ez ordena, ez librea. Hankaz gorakoa da egungo eredua. Kontuak atera, kaosa bera ordenatuagoa dela gara konturatu derrepente batean! Bere banderan izarrak kendu eta teslak jarri dituen hori sistema ekonomiko ustez globala irauli nahian dabil, dekretu-kolpeka goizeko kafea hartzen dagoen bitartean. Ezin ukatu iraultzailea denik. Hain da nahasia iraultzaren kontzeptua! Eta bihar, hemen, Itzulia hasi! Total, muga-zergak, hizkeraren komodin! Edo hobeto esanda, duda-zergak, inork ez dakielako zer gertatuko den biharamunean ditxosozko burtsetan. Zein da zergen zergatia? Talentudun ausartenek ere ez dute erantzun argirik, auskalo! esateaz aparte. Gerra komertziala ei dator, armen gerrarekin batera. Zelan bideratuko dute hori, talentutik, tankearen kanoia AEBn, beldar-katea Asian eta munizioa Hego Korean ekoizten badira?
Ni, badaezpada, hasita nago 72 orduko etxe-kita prestatzen. Robinson Crusoe liburua gura izan dut erosi, baina itxita egon da izkinako denda txikia. Interneten bazen, Vietnamgo denda handi batean, 12 ordutan jarrita nire etxean. Ez naiz animatu, arinago behar nuen eta! Ortura joan naiz, uda-zerbak ereiten…

Los gurús del capitalismo se levantan contra Trump tras el caos bursátil

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik

No es periodista, es un provocador fascista

Lakua pone 13,7 millones de ayudas en manos de un prevaricador
