GARA
BILBO

Gotzon Telleria presoaren berehalako askatasuna eskatu dute

Gaixotasun sendaezin bat duen Gotzon Telleria preso bilbotarrari elkartasuna adierazi zion gehiengo sindikalak.

Sindikatuak Bilbon elkartu ziren atzo.
Sindikatuak Bilbon elkartu ziren atzo. (SARE)

ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuak Bilboko Plaza Biribilean bildu ziren atzo, Gotzon Telleria preso bilbotarraren egoera salatzeko eta martxan jarri den Gotzon SOS dinamikari babesa eta atxikimendua adierazteko.

Gotzon Telleria 68 urteko preso bilbotarrak gaixotasun sendaezin bat du. Telleria 2017an estraditatu zuten Mexikotik, eta Zarautzen 1981ean Poliziarekin izandako enfrentamendu batengatik epaitu eta espetxeratu zuten.

«Gaixotasun genetiko batekin lotutako lehen sintomak antzeman zizkioten 2019an. Ordutik okertu egin da haren osasun egoera. Gaixotasun genetiko honek DFT dementzia edo ELA eragin dezake, biak degeneratiboak diren gaixotasunak», azaldu zuten sindikatuek.

Hori dela-eta, espetxe legediak zehazten duen bezala, «hirugarren graduan egon beharko luke», defendatu zuten, «gaixotasun sendaezin bat duelako». Hala eta guztiz, bigarren graduan jarraitzen du. «2019an Sarerekin batera dinamika bat abiatu genuen, salbuespen politikak salatu eta konponbide, bake eta elkarbizitzaren aldeko urratsak bultzatzeko».

«Euskal langileok ere subjektu aktiboak gara, helburu hauek lortzeko bidean. Eta azken hamarkadetan hainbeste min eragin duten salbuespen politikekin amaitzea premiazkoa da une honetan. Konponbidearen bidean pausoak ematen ari garenean, ezinbestekoa da gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik irten ahal izatea, haien osasun egoera okertu ez dadin eta gaixotasunari baldintza egokietan aurre egin diezaioten». Hori dela-eta, «berandu baino lehen», Gotzon Telleria etxeratzea eskatu zuten.