GARA
ONDARROA

Loren Arkotxa ondarroarra, urte askoan alkatea eta pieza bateko abertzalea, hil da

Urte askoan Ondarroako alkatea izandakoa, eta ondoren Udalbiltzako presidentea, Loren Arkotxa zendu zela ezagutu zen atzo goizean. Euskal Herriaren alde lan eskerga egin zuenaren ibilerak Australian hasi ziren, eta hamaika lanetan ibili zen jarraian.

Loren Arkotxa, Udalbiltzaren ekitaldi batean 2011n.
Loren Arkotxa, Udalbiltzaren ekitaldi batean 2011n. (Lander FERNANDEZ | FOKU)

 

Loren Arkotxa Meabebasterretxea hil da, 80 urte bete berriak zituela. Udalbiltzako presidentea eta urte askoan Ondarroako alkatea izan zelako aski ezaguna eta maitatua da Arkotxa. Horren gainetik, Euskal Herriaren alde egindako lan eskerga osorik biltzea zaila da.

Ondarroako Udalak eman zuen atsekabezko albiste honen berri atzo goizean.

Antipodetan egonagatik ere, inoiz ez zuen euskara galdu, ezta aberriaren aldeko grina ere. Ondarroako Arteta baserrian 1945. urtean jaioa, 17 urte besterik ez zituela, Australiara abiatu zen lanera. Basogintzan jardun zuen Queenslanden. Bertako bizipen gogorrak bildu zituen erakusketa baten bidez, eta iaz estreinatu zuen.

Queenslandetik Kanadara joan zen, eta bertan aizkolari lanetan zein meatzaritzan ibili zen, Euskal Herrira itzuli aurretik. Urte haietako pasartek bildu zituen “7K” astekariak elkarrizketa berezi batean.

Ezker abertzalean militatzeari ekin zion eta, kanpoan metatutako eskarmentu eta ezagutzari esker, nazioarteko alorrean zenbait egiteko izan zituen, herri honen berri herrialdez herrialde emanez. Euskal diasporarekin ere lotura handia garatu zuen era horretan. «‘Good luck’ esaten didate beti», aipatzen zuen, nazioarteko bira horiek laburbiltzean. Beti sentitu izan zuen atzerrian euskaldunak oso ondo baloratuak direla, eta Euskal Herriaren askatasunak agertzen dena baino atxikimendu gehiago duela esaten zuen bertara itzulitakoan.

ONDARROAKO ALKATE MAKILA

Herriko alkatea izateko ohorea izan zuen 1987tik aurrera (hiru legegintzalditan), eta hortik, era naturalean, Udalbiltzako presidente izendatu zuten: lehenengoa izan zen bera. Erakunde nazionaleko arduradun nagusia zen, Baltasar Garzonek Udalbiltzaren kontrako sarekada agindu zuenean, 2003. urtean. Atxilotu eta kartzelatu egin zuten: «Ez nuen horrelakorik espero. Etsipena eta haserrea sentitu nuen, Udalbiltza eraikuntza demokratikorako tresna baitzen, ez zihoan inoren kontra», esan zuen GARAri emandako elkarrizketa batean, 2010eko ekainean. Hamabost urteko kartzela mehatxua egin zioten, baina errugabe atera zen, gainerako hemeretzi auzipetuekin batera.

Hala eta guztiz ere, kartzelan bidegabeki pasatutako denborak ez ziola amorrurik eragin aitortu izan zuen, hala egin zuen aipaturiko elkarrizketan ere: «Lortuko dugu. Konfiantza edo fede hori badut, laster ala berandu lortuko dugula, eta horregatik ez dut inolako gorrotorik sentitzen».

UDALBILTZA

2016. urtean Mertxe Aizpuruarekin batera emandako elkarrizketa batean, honela ikusten zuen erakundea Loren Arkotxak: «Udalbiltza Euskal Herrian guztiok ezagutzen dugun gauza bat bezalakoa da: zirimiria. Badirudi ez duela euririk egiten, baina euria egiten du. Udalbiltzak ere egin egiten du, badoa bustitzen. Kohesioa bultzatzen du eta guztion erreferentziak berdinak izatea ahalbidetzen du: Hazparne, Arabako Errioxa, Ondarroa... Komunikazio arloan gehiago saiatu behar dugula uste dut, bere lana ezagutaraz dezan. Lan praktikoa egiten du. Ideologia ondo dago, baina praktika behar da».

Loren Arkotxak egindako lan zabala ere zirimiriaren antzekoa izan da.