Roberto Ugarte izango da Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi berria
Administrazio Kontseiluak Roberto Ugarte Alvarado gasteiztarra proposatu du Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izateko, Oriol Rochen ondorengo gisa. Erabakia gaur egingo da ofiziala.

Roberto Ugarte Alvarado (Gasteiz, 1962) etxera itzuliko da hamarnaka urtez Estatu espainoleko erakunde musikal batzuetan lanean aritu ondoren. Zehazki, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izateko itzuliko da Euskal Herrira, orain arte karguan jardun duen Oriol Rochek ez zuela jarraituko iragan urtarrilean iragarri ostean.
Ugarterena Administrazio Kontseiluak egindako proposamena da, baina izaera ofiziala gaur emango zaio Gobernu Kontseiluaren onespenarekin.
Roberto Ugarte musikaria da, gitarran espezializatua. Piano interprete, gitarra jotzaile, laguntzaile eta abeslari bezala lan egin izan du Errenazimentuko eta Barrokoko zenbait musika taldetan, baita irakasle eta koru zuzendari modura ere. Azken hogei urtetan, musika erakunde handien kudeaketan eta zuzendaritza artistikoan lan egin du.
Haren hastapenak Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan izan ziren, piano eta gitarra ikasketak egiten. 1995ean, Gasteizko Luis Aramburu Udal Musika Eskola sortu berriko zuzendari izendatu zuten. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen 1998tik 2001era. Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoko Koordinatzaile Artistikoa izan zen (2001); Madrilgo Orkestra eta Abesbatza Fundazioko gerente izendatu zuten (2009); Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteko (AEOS) Zuzendaritza Batzordeko kidea izandakoa, idazkari, bokal eta lehendakariorde karguak ere bete ditu (2015-2018).
2020tik 2023ra arte, Scherzo Fundazioko zuzendari modura lanean aritu zen, eta Scherzo Fundazioko Interprete Handien Zikloaren antolaketaren arduraduna izan zen. Ziklo horrek nazioarteko piano jotzaile garrantzitsuenak biltzen ditu Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean. 2020tik Granada Hiria Orkestrako kudeatzailea izan da.
EUROPAN ERREFERENTZIA
Euskadiko Orkestrak ohar bidez adierazi zuenez, Ugartek «ilusioz» helduko dio Euskadiko Orkestra Europan erreferentzia kultural bihurtu nahi duen etapa berriari. Roberto Ugartek Oriol Roch ordezkatuko du, 2014tik Euskadiko Orkestra zuzendu duena. «Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio azken urteetan Euskadiko Orkestraren zerbitzura egindako lanarengatik», adierazi zuten.
Orkestraren aburuz, Ugartek zuzendaritza orokorra hartzeak «musika erakundeen kudeaketan esperientzia lortu ondoren euskal talentuaren itzulerarekin du zerikusia». «Urteek eta egindako lan eskergak ematen duten ibilbide sendoarekin itzuliko da. Ugartek ilusio handia du eta, aldi berean, bere alderdi artistikoa garatzen eta prestigioa mantentzen jarraitu nahi duen orkestra bati bere aletxoa emateko prest», ohartarazi zuten.
Euskadiko Orkestra da, gaur-gaurkoz, kontzertuetan abonatu gehien dituen EAEko kultur erakundea.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
