Imanol CARRILLO
ITZULIA 2025

Joao Almeidak tropela izutu eta sari bikoitza eskuratu du: etapa eta lidergoa

Portugaldarrak atzean utzi zituen aurkari guztiak Izua lehen mailako azken mendatean eta jaitsieran ez zuen denborarik galdu Markina-Xemeinera bakarrik iristeko. Atzetik zetorren taldeak, Alex Aranburu eta Schachmann tartean, ezin izan zuen harrapatu.

Joao Almeida UAE taldeko portugaldarra, Markina-Xemeinen irabazle.
Joao Almeida UAE taldeko portugaldarra, Markina-Xemeinen irabazle. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Itzulia bezalako bost eguneko lasterketek ez dute atsedenik behar. Asteazkeneko nahaste-borrastea ia guztiz ahaztuta -Alex Aranburuk garaipena eskuratu zuen, hasiera batean epaileek kendu eta gero-, laugarren etapako azken kilometroek tentsio eta emozioarekin jarraitu zuten. Protagonista Joao Almeida (UAE) izan zen, Izuako azken mendatean gizon indartsuenak atzean utzi, jaitsiera bikaina egin eta Markina-Xemeingo helmugan bakarka helmugaratuta.

Portugaldarrak sari bikoitza jaso zuen, etapaz gain Itzuliko lidergoa eskuratu baitzuen mahai gainean kolpe handia emanda. Izan ere, atzo arte lider zenak, Maximilian Schachmann alemanak (Soudal), 28 segundo galdu zituen -eta eskerrak ez ziren gehiago izan-, Izuako mendatean sufritzea egokitu baitzitzaion bigarren taldean sartu aurretik.

Talde horretan Alex Aranburu (Cofidis) protagonista izan zen, asteazkeneko etapan bezalaxe. Ezkio-Itsasoko txirrindularia, Florian Lipowitz eta Champoussinekin batera, Almeidaren gurpilari jarraitzen bakarretakoa izan zen. Portugaldarra pixkanaka metroak hartzen joan zen Izuako igoeran, eta atzean, jaitsieran, Aranburu aritu zen taldeari tiraka, Almeidaren aldeak handiagoak izan ez zitezen.

Ahaleginak ez zuen saririk eman. Almeida bakarrik iritsi zen helmugara eta atzean, Isaac del Toro UAEko taldekide mexikarra eta Schachmann bera helmugaratu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Alex Aranburu bosgarren izan zen, onenen talde horretan sartuta.

Gauzak hala, gaurko etapa hasi aurretik, Almeidak 30 segundoko aldea du Schachmannekiko eta 38 segundokoa Lipowitzekiko. Alex Aranburu, aldiz, euskaldunik onena da, zazpigarren postuan, 1:37ra.

JUARISTI ETA OKAMIKA, IHESALDIAN

Ezkio-Itsasoko txirrindulariak atzo jaso zuen asteazkenean jaso behar zuen garaikurra. Baina gipuzkoarraz gain, beste euskaldun batzuk ere izan ziren atzoko protagonista. Esaterako, Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi) Markina-Xemeingo semeak eta Ander Okamika (Burgos) lekeitiarrak eguneko ihesaldia harrapatzea lortu zuten. Bertan ziren Marc Soler (UAE), Andrea Bagioli (Lidl-Trek), Quinn Simmons (Lidl-Trek), Leo Bisiaux (Decathlon), Finn Fisher-Black (Red Bull-Bora), Ben Healy (EF Education), Alex Baudin (EF Education), Mauro Schmid (Jayco) eta Sepp Kuss (Visma).

50 kilometroren faltan eta behin Milloiko mendatea pasatuta, 1:25eko aldea zuten. Juanma Garate irundarraren EF Education taldeak bi txirrindulari zituen hor kokatuta, baina 16,5 kilometroren faltan eguneko azken mendatea igotzen hasi behar zutenean (Izua, lehen mailakoa; 3,5 kilometroko pareta eta %20ko aldapak dituena), tropelak bertan behera utzi zuen ihesaldia.

Bahrain eta Cofidis taldeek ondo egin zuten lana Pello Bilbao eta Alex Aranbururen mesedetan, baina Gernika-Lumoko txirrindulariak ez du oraindik bere maila onena berreskuratu eta Izuako malda gogorretan atzean geratu zen. Zeinek daki, agian gaur bere herrian amaituko den eta berak diseinatu duen etaparako indarrak gordetzen ari zen...

Haren ordez, Buitragok hartu zuen erantzukizuna, baina hanketatik justu samar agertu eta Joao Almeidak eman zuen behin betiko kolpea. Itzuliko kolpea ere izango ote da?