Arnaitz GORRITI
ITZULIA 2025

Healy errege, Bilbaoren erresuman

Pello Bilbaok marraztu zuen atzoko etapako ibilbidea eta berak eragin zuen eguneko ihesaldia, baina Ben Healy irlandarra askoz indartsuago azaldu zen: 55 kilometro falta zirela hanka egin zien iheskideei eta erakustaldia emanda gailendu zen Gernikan.

Ben Healyk Gernikarako bidean sekulako erakustaldia eman eta berak eraman zuen Pello Bilbaok marrazturiko etapa.
Ben Healyk Gernikarako bidean sekulako erakustaldia eman eta berak eraman zuen Pello Bilbaok marrazturiko etapa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pello Bilbaok mundu osoko tropelean irabazi du errespetua eta miresmena, eta Gernikan, berriz, bere etxea eta erresuma eraiki du. Euskal Herriko Itzuliko atzoko bosgarren etapa Pello Bilbaok berak diseinatu eta marrazturikoa zen, bere etxe inguruak ondo baino hobeto ezagutzen dituen seinale. Ez zuen aldapa, saihesbide eta errepide esturik pasatzeke laga, ibilbide gorabeheratsu eta nekoso bezain zoragarria izan baitzen.

Baina Bilbao ez zen arkitektura lanetan soilik aritu. «Etxekoen aurrean azaltzen ahalegindu gara, nahiz eta gorputzaldirik onenean ez egon», onartu zuen txirrindulari gernikarrak, Lodosara iristear zela erori eta mailatuta geratu zelarik bere maila apur bat jaitsi arren. Helmugara iristea lortu zuen ihesaldia Pello Bilbaok berak xaxatu zuen, sei gizon, zein baino zein hobeak, tropeletik ihesi joanda.

Ben Healy eta Alex Baudin (EF), Bruno Almirail (Decathlon), Julien Alaphilippe (Tudor) eta Warren Barguin (Picnic PostNL) eraman zituen ondoan Bahrain taldeko bizkaitarrak. Hain zuzen, Ben Healy izan zen Pello Bilbaok marraztu duen erresumako errege absolutu eta bakarra. «55 kilometroren faltan jo du eta pentsatzen genuen besteon artean harrapatzerik izango genuela. Talde-lanean ondo konpondu gara, denok ere gure indarrak ondo kudeatuz, baina ez da Healy harrapatzeko modurik egon. Beste maila batean egon da gizona eta halakoetan zorionak eman besterik ez dago», onartu zuen Pello Bilbaok berak.

GARATEREN AHOLKUAK

Izan ere, Education First taldeko irlandarrak sekulako erakustaldia eman zuen, Juanma Garate bere zuzendariaren aginduak zorrotz bete eta bere indarrekin egundoko etapa burutuz. Garate bera bere garaian ihesaldietan sartu zalea zen eta eskarmentu hori bikain baliatu zuen bere mutilaren mesedetan. «Bagenekien Pello Bilbao etxe inguruan mugituko zela eta bere gainean egoteko agindu diot Beni etapa hasi aurretik, eta hala suertatu da. Gainera, Alex [Baudin] ere sartu dugu bigarren aukera bat izateko», azaldu zuen zuzendari irundarrak.

Tropela bi minutu baino gutxiagora zuten iheslariek, helmugarako 55 kilometro falta zirela. Ordurako eguneko mendateak botata zeuzkaten txirrindulariek, baina ibilbidean ia metro laurik ez zegoen; bide estua, bihurria, gorabeheraz betea... Ondorioz, Garate zuzendariaren aginduari jaramon eginez, Ben Healyk aurrera hanka egin zuen, beste bost iheskideak bidean lagata, talde-lanaren ondorioz harrapatuko zutelakoan. Nahi bai!

Orain dela bi urte Giroko etapa bat horrelaxe jokatuta irabazi zuen irlandarrak. Orduko hartan 50 kilometro falta zirela jo zuen erasoa, iheskideei «agur jaunak!» esan ostean. Atzo, are lehenago jo zuen erasoa, baina behin erasoa jotzen hasita, zalantzarik ez zuen egin. Muinoz jositako klasiketan iaioa da Healy eta ondo asko erakutsi zuen abilezia hori. Atzetik, berriz, tropelak bere iheskideak harrapatu zituen.

Baina tropelaren lanak, Alex Aranbururen Cofidisenak batik bat, ez zuen tropelik Healyrengana hurbildu.

«Iheserako ibilbide hobea zen hau taldean tropelaren alde lan egiteko baino. Eroso sentitu naiz errepide hauetan; gogorra izan da, baina merezi izan du esfortzuak. Juanmak [Garatek] bikain gidatu nau eta gauzak ederki atera dira», esan zuen irlandarrak.

Tropelean izan zen mugimendurik, baina Itzuliaren azken sailkapena gaur Eibarren erabakiko da.