GARA
BRUSELA-KIEV

Errusiak Sumy hirian eragin zuen sarraskiaren biharamuna

EBk kideei eskatu die Ukrainari gehiago lagun diezaioten eta AEBri presio gehiago egin diezaion Errusiari, iragan igandean Sumy hirian izandako sarraskiaren ondoren. Omen militarrak bazeuden, baina misilen erasoan dozenaka zibil hil ziren, tartean haurrak.

Autobus bat, sutan, erasoaren ondoren.
Autobus bat, sutan, erasoaren ondoren. (EUROPA PRESS)

Europako Batasunaren (EB) Kanpo Arazoetarako arduradunak, Kaja Kallas Estoniako lehen ministro ohiak, atzo Luxenburgoko gailurrean bere kide europarrei dei egin zien, Ukrainari armen hornikuntza bikoizteko eta, Sumyko «gerra krimenak» direla-eta, Moskuren aurka presioa areagotzeko: «Estatu kide bakoitza ahal duena ematen ari da, baina mezua argia da. Gehiago egin behar dugu, Ukrainak bere burua defenda dezan eta zibilak hil ez daitezen».

Asteburuan Ukrainako Sumy hirian 35 hildako, hauetatik 12 haur, eta 119 zauritu, eragin zuen Errusiaren erasoa zuen buruan Kallasek. Ukrainako iturriek ziurtatu dutenez, unibertsitate campus bat hartzen duen bizitegi zona bat zuzenean jo zuen erasoak, eta, besteak beste, autobus publiko bati eragin zion.

«GIZA EZKUTUAK»

Kremlinek ez du bertsio honi buruz ezer esan, eta Errusiaren jomuga guztiak «militarrak edo militar ingurukoak» direla adierazi du, Dimitri Peskov bozeramailearen bidez. Errusiako Defentsa Ministerioak, ordea, bi Iskander misil balistiko jaurti zituen erasoan goi bileran zeuden 60 militar ukrainar hil ziren.

Kieveko iturri ofizialek baieztatu dute hildakoen artean Artilleriako 27. Brigadako komandantea zen Yuri Yula dagoela. Sumyko iturriek salatu dute igande horretan militarrei kondekorazioak emateko ekitaldia antolatu zela.

Errusiaren esanetan, erasoa «ukrainarrek defentsa sistema erabiltzen ari zela izan zen, tartean borroka irrati-elektronikoa (...) Kieveko erregimenak ezkutu bezala erabiltzen du Ukrainako biztanleria, azpiegitura militarra eta militarren bilerak populazio asko duten hirien erdialdean eginez».

Kontuak kontu, aitzakia hau Armada guztiek erabiltzen dute zibilen hilketak justifikatzeko, AEBk Iraken hasita eta Israelek Gazan amaituta.

Errusiako mugatik 47 kilometrora dago Sumy, eta Ukrainako Armadak Kursken duen okupazioaren atzegoardia da. Beraz, oraindik kontrolpean dituzten 70 kilometro karratuetatik bidaltzeko Errusiaren helburu bilakatu da.

Kremlinek Kursken garaipen osoa nahi du maiatzaren 9rako eta Ukrainaren aurka presio militarra areagotu du, aurreko astean Volodimir Zelenski presidentearen jaioterrian, Krivoi Rog hirian, egin zuen erasoan argi geratu zen moduan (20 hildako, 9 haur).

EBko estatu askok Ameriketako Estatu Batuei eskatu diete Errusiaren aurka presioa handitu dezaten.

Trumpek Errusiaren «akatsa» gaitzetsi zuen, eraso «izugarria» izan zela gaineratuz. Haren ordezkariak Ukrainan, Keith Kellog jeneralak, erasoak «dezentziaren muga guztiak» gainditzen dituela salatu zuen. «Aspaldian agintari militarra naizen aldetik, objektibo militarren inguruan zertxobait badakit, eta hori gaizki dago», adierazi zuen.