GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
WARFARE: TIEMPO DE GUERRA

Gerraren gordintasuna, iragazkirik gabe

Bideojoko baten izenburua dirudien arren, “Warfare: tiempo de guerra”, A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilupean datorren filma da. Iragazkirik eta bidezidor narratiborik gabeko gerra gordinki erakustea da pelikularen helburua.

Alex Garland-en (“Civil War”, “Ex Machina”) film berria da, Ray Mendozarekin batera sinatua eta zuzendua. Mendoza beraren benetako gertakari batzuetan oinarrituta dago filma.

Estatu Batuetako Navy Seal taldeko kide ohiak 2003-2011 bitartean Irakeko gerran bizi izan zituen esperientziak azaltzen ditu.

AEBko Navy Sealen pelotoi baten esperientzian sartuko du ikuslea, zehazki “matxinatuen” lurraldean gertatzen ari den zaintza misio batean. Daukan ikuspegi hiperrealistarengatik nabarmentzen da ekoizpena, zinema belikoaren ohiko klixeak saihestuko ditu eta gerrari buruzko apaingarririk gabeko ikuspegia aurkeztu.

Ray pertsonaiaren rola D’Pharaoh Woon-A-Tai aktoreak jokatuko du “Reservation Dogs” (2021) telesailarengatik ezaguna. Will Poulter, Noah Centineo, Fin Bennett eta Michael Gandolfini (James Gandolfiniren semea) aktore ezagunak ere badaude pelikulan.

ALEX GARLAND

Britainia Handiko eleberrigile, gidoilari, produktore eta zinema zuzendaria da Garland. Gidoilari gisa, “28 Days Later” (2002) eta “Sunshine” (2007) filmengatik famatu zuten.

“Ex Machina” (2014) filmarekin egin zuen debuta zuzendari gisa, eta “Annihilation” (2018) eta “Men” (2022) lanak egin zituen ondoren, baita “Devs” telesail aparta ere. 2024an, “Civil War” zuzendu zuen, Kirsten Dunst protagonista duen thriller distopikoa.

Haren lanek, normalean, zientzia fikziozko gaiak eta teknologiarekin eta gizatasunarekin lotutako dilema etikoak aztertzen dituzte. Proposamen guztiek nortasuna jariatzen dute eta Garlanden egiletza lana oso presente egoten da.