Imanol CARRILLO
PILOTA

Hasierako kateak kendu ditu Lasok eta sake azkarrekin lotu du Peio Etxeberria

Zenotzekoa 0-8 aurreratu bazen ere, Bizkarreta-Gerendaingoak buelta eman zion partidari, 16-2ko partzial bat tarteko, sakearekin min handia eginda.

Laso, amorrazioz, tanto bat ospatzen Lekeition.
Laso, amorrazioz, tanto bat ospatzen Lekeition. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Unai Laso iazko txapeldunordeak aurtengo Buruz Burukoan lehen garaipena erdietsi zuen, atzo, giro aparta izan zuen Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Final-zortzirenetan Jaka kaleratzetik zetorren Peio Etxeberria menderatu zuen Bizkarreta-Gerendaingoak, baina ez zuen lan erraza izan. Hasierako 0-8ko partzial bati buelta eman behar izan zion nafarrak; eta horretarako, kantxaren hezetasuna aprobetxatu zuen sakeari azkartasuna emateko eta Zenotzekoari eskuinean mina egiteko.

Jaialdiko lehen partidan, B Serieseko Buruz Burukoan, pilotalekuaren hezetasuna nabaria izan zen; eta Lehen Mailako neurketan ere oso agerikoa izan zen. Bai Laso eta baita Peio ere zapatilen zola behin eta berriro lehortzen aritu ziren. Noski, faktore honek abiadura handia ematen zion pilotari lurra ukitzerakoan, eta hasiera batean oso ondo aprobetxatu zuena Peio Etxeberria izan zen.

Zenotzekoak bigarren partida zuen aurtengo Buruz Burukoan, eta ziztu bizian 0-8 aurreratu zen. Lau tanto egin zituen sakez, baina oraindik ez zekien gainera zer zetorkion.

Bere lehen sakean, Lasok erdira atera zuen, motzean botearekin. Etxetik ikasgaia oso ondo ikasita etorri zen nafarra. Hortxe hasi zen bere benetako partida. Peio Etxeberriari asko kostatu zitzaion sake mota hauek erantzutea. Ezkerrez hobeto erantzun zuen eskuinez baino, eta asko sufritu zuen partidan zehar.

TANTO EDERRAK TARTEAN

Lasok 16-2ko partziala egin zuen. Tartean bi pilotariek egindako tanto ederrak ikusteko aukera izan zuten zaleek. Adibidez, 11-10ekoan, Peiok ezker botez zabalean ipini zuen pilota, eramanezina. Unai Lasok beste bi tantotzarrekin erantzun zion: 13-10ekoan ezker gantxo zitalarekin zabalean eta 14-10ekoan ezker airez txokoan egindako dejada batekin, Peio zabalean zela.

Urdinaren aldeko 16-12an polemikarako tartea egon zen, Peio beranduegi gurutzatu zelako Lasoren aurretik, baina horretan geratu zen. Bizkarreta-Gerendaingoak ikasgaia ezartzen jarraitu zuen 22raino. Bere hurrengo aurkaria Artola izango da, eta Peiorena, Elordi.