Altunaren irauliak jokoz kanpo utzi du Zabala eta txartela eman dio Larrazabali
Egungo Buruz Buruko txapeldunak garaipena behar zuen, eta baita lortu ere. Hori bai, asko sufrituta, jada kanporatuta dagoen Zabalaren aurkako neurketa irauli behar izan baitzuen amezketarrak. 14-0eko partzial bat sinatu zuen, 8-15etik 22raino iristeko.

Inork ez zuen esan hau erraza izango zenik. Esan diezaiotela Jokin Altunari! Egungo Buruz Buruko txapeldunak, bere maila gorena eman gabe, momentu honetan erakuts zezakeen onena eskaini zuen atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, aurtengo txapelketan bizirik mantentzeko. Biek behar zuten garaipena eta Javier Zabala errioxarrak oso zailak jarri zizkion gauzak, baina azken txanpan 14-0eko partzial bat sinatu zuen amezketarrak, 8-15eko emaitzatik 22raino iristeko.
Emaitza honek beste ondorio batzuk ekarri ditu. Alde batetik, Jokin Altunak bizirik jarraitzen du, nahiz eta lehen partida galdu. Bestetik, Javier Zabalak dagoeneko ez du aukerarik eta ligaxka honetako hirugarren eta azken neurketak gutxirako balioko du. Eta, azkenik, Altunaren garaipenak Larrazabal errebelazioa finalerdietan sartu du. Zabala-Larrazabal izango da azken partida hori, baina foku guztiak beste lehian egongo dira: Altuna eta Darioren artekoan.
Esan bezala, lan handia egiteko partida izan zen atzokoa. Zabalak gauzak oso argi zituen eta ziztu bizian 0-6 aurreratu zen. Tartean, lan gogor horren adibide bat ikusi ahal izan zen. 0-4koan, Altuna atzean eman eta eman aritu zen, baina errioxarrak oso ondo defendatu zuen berea; pilotaren bila zabalera joan zen eta amezketarra pasa egin zuen.
Hurrengo tantoan, gainera, gipuzkoarrak atxikia eskatu zuen Zabalak boleaz egindako bi pareta batean. Epaileek tantoa eman zioten errioxarrari eta 0-6koa zabalean egindako sake batekin lortu zuen.
Altuna III.ak azkenean lortu egin zuen tantoa egitea 1-6koan, baina kosta egin zitzaion sakea mantentzea eta hor hobeto aritu zen Zabala.
Partida hasierako tantoek tentsioa exijitzen zuten, eta Naiarako aurrelariaren hankek ondo eutsi zuten orduan, baina beherakada izan zuen jokoan eta Altunak tantoak egiteko aprobetxatu zuen.
INERTZIA AMAIERARA ARTE
Hala ere, zaleak oso gaizki ohituta daude, eta atzoko Altuna ez zen betikoa edo askotan ikus daitekeen Altuna izan. Binakako Txapelketa amaitu zenetik, oraindik ez du mailarik onena berreskuratu, eta asko kostatu zitzaion tantoak egitea.
Aurrean zuen Zabala ere arrazoi handia izan zen horretan. Errioxarra oso motibatuta zegoen eta, tanto ederrak eta gogorrak egiteaz gain, oso ondo asmatu zuen sakearekin 8-15ekoan. Zabalera nahita atera zuen eta pilotari amezketarrari ez zion denbora eman erreakzionatzeko.
Kasualitatez, hori izan zen Naiarakoak egin zuen azkeneko tantoa. Jokin Altunak iniziatiba hartu eta, behetik gorantz eginda, markagailua iraultzea lortu zuen. Horretarako, bere errepertorioa atera zuen amezketarrak. Ez hori bakarrik; ondo erabili zuen, aurkaria oso ondo defendatu baitzen. 12-15ekoan, adibidez, sekulako saltoa eman zuen ezkerparetan pilotara iristeko. Ezin izan zuen ona eraman, ordurako nekea min handia egiten hasi zelako. Are gehiago 16-15ekoan, 29 pilotakadaren ostean, Zabalak txapara bidali ostean. Altuna inertzia onean zetorren, eta 22ra iritsi arte mantendu ahal izan zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
