Gaizka IZAGIRRE
LA CAZA DEL SOLITARIO

Kalitate goreneko telebista

Carles Porta kazetari, idazle, zuzendari, ekoizle eta gidoilari katalana egun true crime generoko eduki sortzaile garrantzitsuenetariko bat bihurtu da; gaiari loturiko hainbat podcast, liburu eta ikus-entzunezko sortu ditu.

“Crims” telesaila izan da, Porta erakusleiho mediatikoan kokatu duen lana. Katalunian gertatutako benetako krimenak ditu hizpide, eta kasu aztoragarriak, beldurgarriak eta latzak azaltzen dira.

“La caza del solitario” estreinatu berri duen saioa da. Jaime Jimenez Arbe «El Solitario» banku atrakatzailearen inguruko lana da; 30 lapurreta baino gehiago leporatzen zaizkio Estatu espainoleko hainbat banketxetan, armak erabiliz. Gainera, bi guardia zibilen hilketa ere leporatu zioten. Deigarriena da gizon hau hamalau urtez bankuak lapurtzen aritu zela, eta poliziek haren izena ere ez zekitela.

Krimen bikoitz hori da, hain zuzen ere, telesail labur honen abiapuntua, eta hortik tiraz kasuaren nondik norakoak azaltzen ditu. Hiru ataletan, Portaren ohiko zorroztasun eta egiazkotasunari jarraituz, “Crims” eta “Luz en la oscuridad” formatuetako esentzia arnasten da hemen ere.

Oraingoan ere geratutako guztia ikuspegi zinematografiko indartsuz busti du, eta froga da artxiboko irudi eta testigantza garrantzitsuenekin aletu duela dena. Egiazko kasua eta irudiak ageri diren arren, narratiboki eta bisualki thriller kutsua duen lana da. Kazetaritza lana du abiapuntu, baina zinemara hurbiltzen da, fikzioaren narraziora.

Ez da bere lanik biribilena eta ez du generoa berrasmatzen, inondik inora ere, baina sortzaileak, berriz ere, maila oso altuko ekoizpena ekarri du. Kalitate goreneko telebista egiten du Portak.