Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE REHEARSAL - 2. DENBORALDIA

Liluragarria bezain zentzugabea

Honako egoera irudikatu: lagun bati albiste desatsegin bat emateko zorian zaude, baina ez duzu zeure burua prest ikusten. Urduri zaude eta zalantzati, elkarrizketa horren ondorioak ezin iragarrizkoak direlako. “The Rehearsal”, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak erabat lausotzen dituen telesaila da eta mota horretako egoerei aurre egin behar dieten benetako pertsonak ditu protagonista.

Nathan Fielder-ek pertsona arruntei elkarrizketak edo bizitza errealeko egoera zailak entseatzen laguntzen die. Horretarako, agertokiak xehetasunez birsortu eta elkarrizketa edota egoera horietan sor daitezkeen balizko aukera guztiak entseatuko ditu.

Saioaren tonua oso bitxia da, planteatzen diren egoerak maiz serioak diren arren umore oso deserosoa duelako helduleku nagusi. Telesailaren alderdirik liluragarriena ez da gertatuko dena, baizik eta gertatzen denak nola behartuko duen ikuslea saiakeraren beraren helburua zalantzan jartzera: «Zenbateraino kontrola daitezke erabaki edota ekintza jakin batzuen ondorioak? Zertarako balio du aldagai bakoitza planifikatzeak, gizatasuna, berez, aurresanezina denean?».

Telebistako produktu arrunt baten itxura du, baina dirudiena baino askoz sakonagoa da obra berdingabe hau, deseroso sentiarazteko beldurrik ez duen esperimentu bat; realityaren, dramaren eta komediaren egiturekin jolastu eta lan guztiz berritzailea eraiki du Fielderrek.

Beharbada ez da publiko guztientzako edukia, baina bere jokoan sartzen diren ikusleak, gaur egungo pantaila txikiko eskaintza zabalean dagoen esperientziarik probokatzaile eta ahaztezinenetako bat dela ohartuko dira, axolagabe uzten ez duten horietakoa.

Liluragarria bezain zentzugabea da.