GARA
GASTEIZ

Gizarte aurreikuspeneko planen datuak mugikorrean ikus daitezke

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko plan baten titularra den pertsona orok «modu erraz eta intuitiboan» kontsultatu ahal ditu bere datuak, Lakuak garatutako aplikazio baten bitartez. Milioi bat pertsona inguruk dute halakoren bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Aplikazio horrek Gizarte Segurantzaren osagarri diren prestazioak kalkulatzeko aukera ematen du.
Aplikazio horrek Gizarte Segurantzaren osagarri diren prestazioak kalkulatzeko aukera ematen du. (IREKIA)

Lakuako Administrazioak gailu mugikorretarako aplikazio bat garatu du, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde (BGAE) plan bat duten milioi bat pertsona inguruk datu ekonomikoak kontsultatu edo pentsioa simulatu ahal izateko.

Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) batera sustatu dute Espainiako Estatuaren barruan aitzindaria den aplikazio hori abiatzea.

Aplikazioa App Store eta Google Play denda birtualetan eskuragarri dagoen NIK izeneko plataforman txertatuta egongo da, eta EAEko Administrazio Orokorrak plataforma horretan duen lehen zerbitzu-aplikazioa izango da.

Plataformari esker, atzotik, borondatezko gizarte aurreikuspeneko plan baten titularra den pertsona orok «modu erraz eta intuitiboan» kontsulta ditzake bere datuak. Bertan biltzen diren datuak hilero eguneratuko dira. Aplikazioak Gizarte Segurantzaren osagarri diren prestazioak kalkulatzeko aukera ematen du pentsio simulagailu baten bidez -erretiroa hartzeko urtetik urte desberdinetara artekoak-.

Gainera, aplikazio hori abian jartzean, NIK Zorro Digitala plataformak prestazio gehiago eskainiko ditu. Zerbitzu hori Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak garatu du EJIEren bitartez, eta hainbat administrazio edo zerbitzu publikotako txartelak (osasun-txartela, Gaztetxartela, familia ugariaren txartela, eta liburutegiko edo kiroldegiko txartela) mugikorreko aplikazio bakar batean edukitzeko aukera ematen du.

Era berean, abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo zenbait webgunetan (hala nola Lanbiden edo Metapostan) sartzeko aukera ematen du. Segurtasunaren mesedetan, zerbitzuan sartu ahal izateko beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa. Identifikazio hori ez duenak BakQ eskatu edo berritu dezake.

%7KO HAZKUNDEA IAZ

2024ko ekitaldian, BGAEn balantze zifra 30.826 milioi eurora iritsi da; hau da, aurreko urtean baino ia 2.000 milioi euro gehiago (%7ko hazkundea). Termino makroekonomikoetan adierazita, ondare hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2024ko barne produktu gordinaren (BPG) ia herena da.

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak aurrezpen aurreikuspenerako tresnak dira, eta Gizarte Segurantzak ordaindutako hileko pentsioak osatzen dituzte. Lakuak atzo adierazi zuenez, 1.178.891 bazkide dituzte hiru herrialde hauetan, eta 863.146 pertsona dira titularrak (EAEko 16 urtetik gorako biztanleen %45, Eustat-en arabera).