Asier ROBLES
EUSKARA ETA ADIMEN ARTIFIZIALA

«Euskarak ezin du zokoratze digital egoera batean geratu»

Garaian garaiko testuingurura egokitzen jakin du euskarak historian zehar. Orain adimen artifizialak erronka berriak dakarzkio. «Euskaraz bizi nahi duenarentzat euskarazko tresnak erabiltzea erdal hizkuntzetako tresnak erabiltzea bezain onuragarria eta erosoa izan behar zaio». Hain zuzen ere, hori lortzeko lanean ari dira zenbait proiektu.

EHUko Zientzia eta Teknologia fakultaten izandako mahai ingurua.
EHUko Zientzia eta Teknologia fakultaten izandako mahai ingurua. (Raul BOGAJO | FOKU)

Azken urteetan adimen artifizialaren garapenean hainbat aurrerapen bizi izan ditugu, gehienbat teknologia honen esparru generatiboan, eta horrek gure bizitza aldatu egin du nolabait. Honek euskarari sorrarazten dizkion erronkei buruz mintzatu ziren atzo aditu batzuk EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko paraninfoan izandako mahai inguruan.

«Adimen artifizialaren garapenak badauka euskararen garapenean bere eragina, eta, era berean, euskararen garapenak izan beharko luke ere adimen artifizialaren garapenean eragina. Digitalizazio honetan hizkuntzek badute bere bizitza propioa, eta oso garrantzitsua da zein hizkuntzatan sortzen eta erabiltzen diren tresna hauek», adierazi zuen Urtza Garay irakasleak, gaia kokatuz.

Herri estrategia

Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunearen koordinatzaileak euskararen egoerari buruzko hausnarketa batekin hasi zuen bere hitzartzea. Aipatu zuenez, duela 60 urte inguru euskararen biziberritze prozesua erreferentea izan da mundu mailan, baina azken urteetan impasse batean sartu gara, hein handi batean, globalizazioak eta digitalizazioak eraginda. Gainera, betiko arazo estrukturalak ditugu, hala nola ahalmen politiko mugatua eta demolinguistika zaila. Testuinguru honetan, ez da nahikoa orain arte egin duguna egiten jarraitzea», ohartarazi zuen, herri estrategia baten premia nabarmenduz.

Ideia berdintsuaz jo zuen Xabier Arregi EHUko Hitz zentroko kideak. Digitalizazioa arlo transbertsala dela eta hiztunaren jarduera osoari eragiten diola azaldu zuen. «Erronka nagusia atzera ez gelditzea da, euskara zokoratze digital egoera batean ez geratzea. Hizkuntza nagusienen pareko errendimendua lortu beharko genuke, adimen artifizialeko hizkuntza tresnak erabiltzen ditugunean: euskaraz bizi nahi duen batentzat euskarazko tresnak erabiltzea erdal hizkuntzetako tresnak erabiltzea bezain onuragarria, erosoa eta betegarria izan behar zaio», adierazi zuen.

Hori lortzeko, burujabetza teknologikoaren beharra azpimarratu zuen EHUko Hitz zentroko ordezkariak. «Txikiak izanda ere, euskararen hizkuntza komunitatean badaukagu nahiko aktibo gauzak egiteko. Gure baliabideekin gauzak egin ditzakegula demostratu dugu askotan. Estrategia bat zehaztu behar da; ikusi behar dugu zein ahalmen ditugun, eta horiek erabili. Hau lankidetzatik eta software libre eta eredu irekien bidetik egin behar da», adierazi zuen, ikerkuntzaren garrantzia nabarmenduz. «Euskararen garapen teknologikoa nork egingo du, euskaldunok egiten ez badugu?», galdegin zuen.

Tresnak martxan

Bide horretan, Aitzol Astigarrak Elhuyarren sortutako Orai NLP zentroa adimen artifizialean ikertzeko eta teknologia sortzeko egiten ari den lana azaldu zuen. Baieztatu zuenez, adimen artifizialean euskararen hizkuntza teknologiak heldutasun maila nahiko egokira heldu dira azken urteetan, eta dagoeneko emaitza onak eman dituzten oinarrizko teknologiak aipatu ditu, hala nola itzulpen automatikoa edo hizketa teknologia. «Enpresa eta zentro handien atzetik gabiltzan arren, gure txikitasunetik pausoak eman ditugu eta olatuari nahiko ondo heldu diogu», esan zuen.

Hala ere, «erronka asko» daudela gogorarazi zuen: «Kanpoko teknologiekiko menpekotasuna sortzen badugu, ezagutza eta teknologia horrekiko kontrola ere bai. Gure beharretara egokituko diren tresnak garatu ahal izateko, ezinbestekoa da burujabetza teknologikoa».

Ikerketa eta tresna berrien sorreraz aritu zen Leire Barañano bere hitzartzean. Azaldu zuen euskal hizkuntzaren corpus digitalak sortzea dela Euskorpora proiektuaren helburua, ondoren, ereduak entrenatzerako eta garapenak egiterako orduan, oinarri bat izateko.

«Gure misioa da ikustea zein premia dauden gizarteko alor ezberdinetan eta bakoitzean zein corpus digitala behar den, zeren eta badaude, hizkuntzaren aldetik, orokorrak diren kontuak, baina badaude ere sektorialki behar bereziak. Azken finean, lortu nahi duguna da adimen artifizialak dakarren tresna ezberdinen erabilgarritasuna euskararen munduan ere bermatzea», adierazi zuen Barañanok.