«Desobedientzia ez da delitua», Aroztegiko epaiketaren aurrean
Desobedientzia ez da delitua. Hori aldarrikatu zuten atzo Iruñean, Aroztegiko zazpi auzipetuen alde 196 lagunek sinaturiko manifestuaren aurkezpenean. Protesta bat egiteagatik espetxera joateko arriskua dute datorren astean egingo den epaiketan. Manifestuaren sinatzaileek absoluzioa eskatu dute.

Desobedientzia ez dela delitua adierazten duen manifestua aurkeztu zuten atzo Iruñean, datorren astean Aroztegiko egitasmoaren kontra protesta egiteagatik Nafarroako Auzitegian zazpi lagunen kontra egingo den epaiketa dela eta. Kartzelako bidean jartzeko arriskua dutela ohartarazi zuten.
«Epaitegietan justizia egonen balitz, hori ez lukete onartuko», nabarmendu dute manifestuan.
Lekaroz herrian golf zelaia, luxuzko hotela eta 248 txalet egin nahi zituztela gogoratu zuten. «Denbora joan ahala, bistan da adreiluaren eta turismoaren garapen eredu hori jasanezina dela, bai eta gure amaren etxea defendatzea ezinbertzekoa dela ere, etorkizunik nahi badugu», esan zuten.
Aroztegiko proiektua «espekulazioan oinarritutakoa dela» salatu zuten. Lurren birkalifikazioaz gainera, UGEP delako prozedura erabili zen, Baztango Udalari eta herritarrei erabakitzeko aukera kenduz eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan utziz. «Ahoan, mozala», adierazi zuten.
PROTESTA ZIGORTZEA
Hondeamakinak Aroztegiko parajean obretan hasi ziren 2021ean, eta herritar andana batek makinen aitzinean eseri eta protestatzeko kanpaldia egin zuten haien desadostasuna erakutsiz «modu demokratikoan».
Protesta hura zigortzeko xedez, zazpi baztandarri akusazio gogorrak egin dizkiete ondoren: bortxa eta derrigortze delitua eta talde kriminala osatzea. «Eskuetan, giltzarrapoak», esan zuten.
Orotara, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko fidantza eskaerei aurre egin beharko dietela gogoratzen du manifestuak. Baina egoera larriagoa izan daitekeela ere nabarmendu zuten. Enpresak 43 miloi euro eskatu dizkie Nafarroako eta Estatu espainoleko gobernuei kalte-ordain gisa: «Badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei. Makinen aitzinean eseri baziren ere, enpresak proiektu osoa beraien erruz porrotera joan zela justifikatu nahi du, gero kostuak, asmatutakoak barne, haien bizkar botatzeko. Bizi osorako zigor ekonomikoa».
Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko lanak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen.
«Erraten denez, bidegabekeria lege den munduan justizia defendatzen dutenen tokia kartzela omen da. Diru publikoaren kontura aberastea libre da, protesta egitea, aldiz, ilegala. Zentzugabekeria hori Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbertze tokitan ikusi da azkenaldian, ingurumenaren defentsaren eta herri mugimenduen aurkako errepresioan. Horrekiko kezka buruan, otsailaren 1ean 18.000 lagun eta 140 eragilek Iruñean beren babesa erakutsi zieten akusatuei», azaldu dute manifestuan.
«Gaur manifestu hau sinatzen dugun 196 lagunok ere gure elkartasuna adierazi nahi diegu Baztango zazpi auzipetuei, eta nabarmendu nahi dugu herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin dela kriminalizatu, horrek, gainera, aurrekari arras kezkagarria sortuko duelako adierazpen askatasun eta eskubide demokratikoei dagokienez. Horregatik guziagatik, manifestu hau sinatzen dugunok ozen eta argiki aldarrikatu nahi dugu: Absoluzioa Aroztegikoendako!», adierazi zuten.
Sinatzaileen artean daude, besteak beste: Aiora Renteria, Eñaut Elorrieta eta Pello Reparaz kantariak; Jon Alonso, Mikel Taberna eta Hedoi Etxarte idazleak, Estitxu Eizagirre eta Saioa Alkaiza bertsolariak; Ane Urkiri eta Iñaki Soto NAIZ eta GARAko zuzendariak; Itziar Ituño aktorea, Sabino Cuadra edo Julio Villanueva.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
