Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Behin betiko konponbidea aldarrikatuko du «Puzzlea osatu arte» ekimenak asteburuan

Lesakatik abiatu eta Iruñean amaituko da asteburuan «Puzzlea osatu arte» ekimena. Hego Euskal Herria zeharkatuko du, salbuespen legea eta oztopoak bertan behera utziz 57 preso etxerako bidean egon behar direla aldarrikatzeko. Konponbiderako ezinbestekoa dela nabarmendu zuen atzo Sare Herritarrak.

Larunbatean abiatuko da Sareren “Puzzlea osatu arte” ekimena, Lesakatik. «Behin betiko konponbidea aldarrikatu eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezatela» aldarrikatuko du Hego Euskal Herrian zehar, eta igandean amaituko da, guztira 544 kilometro eginda.

Ekimena bukatuko den tokian, Iruñeko Udal plazan, hau adierazi zuten Mikel Mundiñanok eta Jone Galarzak: «Salbuespen lege eta politikak oztopo dira oraindik etxerako bidea egiteko duten 57 presoentzat. Sare Herritarraren ustez, ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu, gatazkak utzi dizkigun ondorioak amaitzea. Ezinbestekoa dugu behin betiko konponbidea. Zentzu horretan hartuko ditugu kaleak datozen egunetan, zentzu horretan aldarrikatuko dugu euskal gizarteak eta gure herriek puzzlea osatzeko duten beharra». 57 preso horietatik zortzi nafarrak dira.

LARUNBATEAN, LESAKATIK

Ekimena larunbatean hasiko da, 10.00etan Lesakatik abiatuta. Gipuzkoa igaro ondoren Bizkai aldera joango da 19.00ak aldera Galdakaora iristeko eta lehen egunari amaiera emateko. Hurrengo egunean, igandean, Berangon hasiko dute bidea, Bizkaia eta Araba zeharkatzeko, eta Nafarroara itzuliko da 19.00etan, Iruñera iritsi eta ekimenari amaiera ipintzeko.

«Igaroko ditugun 28 herrietan, konponbidearen puzzlearen zatiak jasoko ditugu banaka-banaka. Konponbidea baita oraindik erregimen itxian dauden euskal presoak dituzten errealitate eta nahia», gaineratu zuten.

Ekimenak bisitatuko dituen herri guztietan salbuespen legeak kalteturiko presoak daude.

Lesaka, Irun, Oiartzun, Errenteria, Lezo, Donostia, Hernani, Lizartza, Villabona-Amasa, Orio, Ondarroa, Lekeitio, Durango, Galdakao, Gernika, Berango, Algorta, Santurtzi, Bilbo, Orozko, Otxandio, Gasteiz, Eskoriatza, Arrasate, Oñati, Zumarraga, Ordizia, Etxarri Aranatz eta Iruñea dira horiek.

«Konponbideaz ari garenean herri honetan horrenbeste urtez horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkak utzitako ondorioen konponbideaz ari gara. Euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea hasteko duten beharraz ari gara. Biktimek aitortuak izateko, erreparatuak izateko eta egia jakiteko duten beharraz ari gara. Pauso guzti horiek eman gabe ez baikara igaroko elkarbizitza agertokietara», azaldu zuten.

«Herri gisa aurrera egin nahi badugu, beharrezko dugu elkarbizitza agertokietara jauzi egitea. Herri gisa aurrera egin nahi badugu, ezinbesteko dugu behin betiko konponbidea. Herri gisa aurrera egin nahi badugu, ezinbesteko dugu konponbidearen puzzlea osatzea», adierazi zuten.

SALBUESPENA INDARREAN

Ekimena aurkezteko Gasteizen apirilaren 8an egin zuten agerraldian gogoratu zutenez, ETAk bere jarduerari utzi zionetik 15 urte beteko dira aurki. «Halere, oraindik asko dira salbuespen legeak direla-eta etxerako itzulia oztopaturik ikusten duten euskal presoak».

Gauzak horrela, lege arruntak ezarriko balira, preso hauek zigorra kartzelatik kanpo betetzen egongo lirateke. Fase horretara heltzeko oztopo nagusia salbuespen legea mantentzea da.