Imanol CARRILLO
PILOTA

Altunak lehen tantotik txokoan korapilatu dio finalerdia Lasori

Jokin Altuna iazko txapela defendatzen saiatuko da, atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Unai Lasoren aurka finalerako txartela modu ikusgarri batean eskuratu ostean. 15-0eko partzialari buelta ematea ezinezkoa izan zitzaion pilotari nafarrari.

Altuna III.a, Lasoren eta goraino beteta zegoen Atano III.aren aurrean, finalerako txartela ospatzen.
Altuna III.a, Lasoren eta goraino beteta zegoen Atano III.aren aurrean, finalerako txartela ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jokin Altunak beste final baterako txartela eskuratu du. Buruz Buruko egungo txapelduna da amezketarra, eta ekainaren 1ean, Bilbon, iazko txapela defendatzen saiatuko da, atzo, Donostian, Unai Lasori aise irabazi ostean (22-9).

Amezketako aztiak ez zuen beste askotan erabili izan duen bere magiaren beharrik izan. Kalitatez soberan da gipuzkoarra, eta faktore horri eraginkortasuna, segurtasuna eta zehaztasuna gehitzen bazaizkio, menderaezina den pilotari bat bihurtzen da.

Hori da Jokin Altuna. Atzoko partidaren hasieratik mina egiten saiatu zen Aspekoa. Baita lortu ere, eta nola, gainera! Txokoa eta ezkerpareta lagun izan zituen amezketarrak, bertan min handia egiteko. 15-0eko hasierako partzialean, 7 tanto egin zituen Altuna III.ak txokoan edo ezkerparetari itsatsita.

Laso ezinean aritu zen. Gainera, lehen tantoan bertan irrist egin zuen eta ezin izan zion pilotari ondo heldu. Ondoren, Jon Mariezkurrena botileroari onartzen zion moduan, hankek ez zioten erantzuten. Eta hor, Altuna inor baino “marrazoagoa” da. Odola usaindu eta etekina ateratzen ahalegintzen da beti.

Ez hori bakarrik. Gipuzkoarra ez da pilotari bi aldiz jarraian gaizki ematen dion horietakoa. Nahiz eta tanto batean ondo ez eman, hurrengo pilotakadan, gutxienez, gauzak zail jartzen saiatzen da. Eta Lasori hori egin zion 8-0koan. Bizkarreta-Gerendaingoak ez zuen aprobetxatu eta Altuna III.ak txokoan amaitu zuen tantoa, hurrengoa sakez egin eta 9-0koa ipintzeko.

Final-laurdenetako ligaxkan kosta egin zitzaion egungo txapeldunari aurrera egitea. Lehen partida galdu egin zuen eta beste bietan irabaztera behartuta aritu zen. Atzo, berriz, presiopean izan zuen Laso une oro, eta, bere errepertorio guztia aterata, ez zion aukera minimorik eman.

UNAI LASO, EZINEAN

Mariezkurrenak bere pilotariari lasaitzeko eta bere aukerak izango zituela azpimarratzen zion. Honek ezker gantxoz lortu zuen bere lehen tantoa. Baina beranduegi zen: 15-1. Geroago, lau tanto egin zituen jarraian, baina takada handiagoa behar zuen aurkaria urduritzeko. Nahiz eta tanto eder batzuk lortu, finalerako txartelak izen-abizenak zituen: Jokin Altuna.