Giroak Primoz Roglic lurperatu du; Verona eta Del Toro, aldiz, zeruratu
Monte Grappan eta Dori mendatean bistaratu ziren esloveniarraren ahultasuna eta Ayusoren arazoak. Asiagoko helmugan minutu eta erdi galdu zuen. Lidl Trek taldeko Carlos Veronak irabazi zuen eta Isaac Del Toro liderrak indartsuena dela erakutsi zuen.

2025eko Giroak hirugarren eta azken atseden eguna izango du gaur eta eskertuko dute txirrindulariek, azken astean mendirik garaienak zain baitituzte. Alta, Primoz Roglicentzat berandu iritsiko da. Fiume Veneto eta Asiago arteko 219 kilometro hautsietan esloveniarrak kale egin zuen atzo eta Giroa irabazteko ia aukerarik gabe geratu zen. Ia diogu, errespetua zor zaiolako halako txapeldun handi bati.
Monte Grappa erraldoian bistaratu ziren bere ahuleziak Egan Bernalek saiakera egin zuenean, baina hasierako hartan Isaac Del Toro liderrak izan ezik, beste inork ere ez zion erantzun Ineos taldeko kolonbiarrari. Aurrez ihesaldi handi batek aurrera egin zuen, tartean Igor Arrieta (UAE) eta Pello Bilbao (Bahrain) euskaldunak zeudela.
Ihesaldiak bidea egin zuen eta Lidl Trek taldeko Carlos Verona espainolak aurrera egin zuen, bakarrik, Dori bigarren mailako mendate gozoan. Bere iheskideak, indar faltagatik edo lanak gerorako utzi nahiagatik -Dori mendateko gailurretik helmugara 25 kilometro falta ziren-, atzean geratu ziren eta Filippo Zanna (Jayco) eta, Gianmarco Garofoli (Soudal) asko hurbildu bazitzaizkion ere, etapa garaipena ezin izan zioten Veronari kendu. Giulio Ciccone taldeburua erori eta erretiratu ostean, ez zion buelta txarrik eman Lidl Trek taldeak bere egoera berriari.
32 urteko espainiarra ibilbide hautsietan ondo moldatzen da eta atzoko etapan ere hala erakutsi zuen. Morrontza lanetan eguneroko ogia lortzen duen txirrindularia izanik, bere kirol ibilbideko bigarren garaipena baino ez zen izan atzokoa, baina Dauphineko etapa bat eta Giroko beste bat irabazi dituen txirrindulariak badu talentua, inondik ere.
AHULTASUNA BISTAN
Monte Grappako suziriaren ostean, inork gutxik esperoko zukeen gero gertatu zena. Ineos taldeak tropela indartsu eraman zuen, tartean Jonathan Castroviejo getxotarraren lanari esker, baina etapako 3.900 metroko desnibel positiboa nabaritu zuen Primoz Roglicek. Ez onerako, alajaina!
Bernalek jo zuen lehenbizi eta Del Toro, Ayuso, Derek Gee, Carapaz, Tiberi -kostata honek- eta enparauek eutsi zioten, baina Primoz Roglic ezustean atzean geratu zen, malkar gogorrik egon ez arren. Are gehiago nabarmendu zen ahultasun hori Carapazek eta Simon Yatesek tropelari beste astindu bana eman ostean.
Roglicek ere 36 urte beteko ditu aurten eta akaso bere egunik onenak pasatu ditu honezkero. Akordatzerako, Dori mendatearen osteko goi-lautadan berarekin geratu ziren taldekideei jarraitzeko ere lanak izan zituen. Tropeltxo nagusian, esloveniarraren ezinaz jakitun, UAE taldea ez zen lana gerorako uzteko egon, ezta Israel, Visma, Bahrain eta bestelako taldeetako kideak ere. Primoz Roglic oraindik ere bada nor eta, halako txirrindularia ezinean ikusi zutelarik, ezintasun hori baliatzen ahalegindu ziren gogotik talde guztiak. Bestalde, egundoko erraztasunez aritzearen itxura eman zuen beste behin 21 urteko Isaac Del Toro Giroko liderrak.
Helmugan minutu eta erdi laga zituen azkenean Red Bull Bora taldeko esloveniarrak faboritoen multzoarekiko. Ez zen buelta eman ezinezko galera izan, utzitako denborari dagokionez, baina atzo eman zuen itxura tristea, begiratu batean behintzat, azken urteotako txirrindulari onenetako baten gainbeheraren lekukotza izan ote zen susmoa har liteke Asiagora bidean gertatutakoa ikusi ondoren.
Egia da, Roglicek berak esana delako, sterratoan erori eta gero ez dagoela bere gorputzaldirik onenean, eta ikusi egin behar gaurko atseden egunaren ostean nola erantzuteko gai den esloveniarra falta diren etapa beldurgarrietan. Baina atzo ikusitakoa ez zen parte onekoa.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
