Asier ROBLES
BILBO
PILOTA

Ekainaren 2an egingo du debuta euskal pilota selekzioak

Euskal pilota selekzioak debut ofiziala egingo du, lehen aldiz Euskal Herrian jokatuko den Nazioen Ligan. Txapelketa ekainaren 1etik 6ra bitartean egingo da, Gernikako Jai Alai frontoian. AEBak, Mexiko, Filipinak, Frantzia eta Espainia ere arituko dira.

Jai Alai Basque Pilota Nations League nazioarteko txapelketaren aurkezpena.
Jai Alai Basque Pilota Nations League nazioarteko txapelketaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Datorren ekainaren 1ean mugarri historiko bat biziko du euskal pilotak. Euskal Selekzioa nazioartean lehiatuko da, lehenengo aldiz, ofizialki. Euskal Herrian lehendabizikoz antolatuko den Jai Alai Basque Pilote Nations Leaguen egingo du, datorren ekainaren 1etik 6ra, Gernikako Jai Alai frontoian.

Lehiaketaren aurkezpena Bilboko Bizkaia Frontoian egin zuten atzo, eta bertan erakunde sustatzaile nagusietako ordezkariek parte hartu zuten: Xavier Cazaubonek, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak; Joxe Mari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak; Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak; eta Ibone Bengoetxeak, Lakuako Gobernuko lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak.

Bai erakundeetako ordezkariek, bai kiroletakoek, hitzordu honen izaera «historikoa» azpimarratu zuten. «Hunkigarria da. Herri baten nahia, desioa eta ametsa egia bihurtuko dira. Lortu dena ez da makala», nabarmendu zuen Mitxelenak, eta eskerrak eman zizkien nazioarteko federazioari eta Euskadiko Federazioak Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioan parte hartzearen alde bozkatu duten herrialde guztiei.

«Orain mundu osoari erakuts diezaiokegu txapelketa on bat antolatzeko eta bertan ondo parte hartzeko gai garela», gehitu zuen.

Euskal Pilota Federazioko presidentearen iritziz, Nazioen Liga sinbolismoz beteta dago: «Gure espezialitaterik nazioartekoenean emango da Euskal Selekzioaren debuta: zesta puntan. Era berean, Busturialdearen bihotzean kokatuta dagoen pilotaleku ederra izan zen modalitateak gaur egun bizi duen loraldiaren epizentroa eta Pilotako Euskal Selekzioa ere Gernikan sortu zen. Olatu eder eta sendo horretara igotzeko prest gaude».

Cazaubon ere pozik agertu da Euskal Selekzioaren parte-hartzearekin. «Urte hauetan ez dakit Euskadik Nazioarteko Federazioa behar izan duen, baina Federazioak Euskadi behar izan du», adierazi zuen. Horretaz gain, nazioarteko ekitaldi hau antolatzeko euskal erakundeekin eta euskal federazioarekin batera egindako elkarlana nabarmendu zuen.

Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, «Euskadi mundura zabaltzeko tresna modura» pilotako Euskal Selekzioak duen garrantzia azpimarratu du: «Euskal Selekzioa gure herriaren sinboloa eta erreferentea izango da nazioarteko lehiaketetan. Gure ordezkariak izango dira munduan, gure identitatea eta nortasuna zabalduko dute nonahi. Euskadi munduko mapan kokatuko dute. Historikoa da bizi dugun une hau eta ilusioz eta harrotasunez biziko dugu».

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe ere pozik agertu zen: «Nazioartean gure koloreekin lehiatu ahal izatea, gure etxean eta herri gisa, benetako ohorea eta harro egoteko arrazoia da. Ziur gaude Nazioen Liga hau benetako oparia izango dela Bizkaiko publikoarentzat».

LEHIAKETAREN ZEHAZTASUNAK

Euskal Selekzioak ez ezik, nazioarteko beste bost taldek ere hartuko dute parte Gernikan, Nazioen Liga honetan: Frantzia, Espainia, Filipinak, Estatu Batuak eta Mexikok. Punta-puntako taldeak dira hauek, gaur egun, kirol honetan.

Lehiaketa ekainaren 1ean hasiko da, igandean, ligaxka partidekin. Ekainaren 5ean finalerdiak jokatuko dira eta ekainaren 6an, final handia.

Gizonezkoen ligaxkan bi multzotan banatu dira taldeak: A multzoan, Espainia, Mexiko eta Estatu Batuak; B multzoan, Frantzia, Euskadi eta Filipinak. Emakumezkoen ligaxkan multzo bakarra izango da, lau talderekin: Euskadi, Espainia, Frantzia eta Mexiko.

Partidak hamabosteko bi set-era jokatuko dira, eta, berdinketa gertatzen denean, hamar puntuko hirugarren set batean desegingo da hori. Bi txapelketetan kanporaketa oso orekatuak espero dira.

Euskal Selekzioko emakumezkoen eta gizonezkoen debuta ekainaren 2an izango da, (21.15ean eta 22.15ean, hurrenez hurren) Frantziaren aurka jokatuz.

EITBren bidez, lehiaketa zuzenean ikusteko aukera izango da.