Imanol CARRILLO
2025EKO GIROA

Carapazek guztia nahastu du Astanak bikoa egin duen egunean

Scaroni eta Fortunato elkarrekin helmugaratu ziren, nahasmena sortu zuen etapan: Carapaz hirugarren ipini da, Del Torok ahulezia erakutsi zuen, Ayusok huts egin eta Roglicek lasterketa utzi zuen. Bilbao, Barrenetxea eta Azparren, ihesaldiaren parte.

Fortunato eta Scaroni Astanako taldekideak, elkarrekin helmugaratzen.
Fortunato eta Scaroni Astanako taldekideak, elkarrekin helmugaratzen. (GIRO D’ITALIA)

Aurtengo Giroak benetako lehen etapa menditsua izan zuen atzo. Mortirolo gaur iristekoa den honetan, ikusmen handia zegoen faboritoek nola erantzungo zuten ikusteko. Eta, alde horretatik, lasterketak ez zuen hutsik egin. Etapako garailea Astanako Christian Scaroni izan zen, bere taldekide Lorenzo Fortunatorekin batera eskutik helduta gurutzatu baitzuen helmuga.

Sailkapen nagusian, aldiz, Richard Carapazek (Education First) dena nahastu zuen Juan Ayusoren beherakada itzelaz eta Isaac del Toro liderraren ahuleziaz jabetuta eta Primoz Roglicek lasterketa utzi zuela ikustean. 2019ko txapeldunak azken igoeran mexikarra eta Simon Yates atzean utzi, eta 1:36ko tartea lortu zuen helmugan sailkapen nagusian hirugarren ipintzeko.

Euskaldunek ere protagonismoa izan zuten etapa nahasian. Izan ere, Pello Bilbao, Jon Barrenetxea eta Xabier Mikel Azparren eguneko ihesaldian egon ziren. Bahrain taldekoa izan zen amore ematen azkena. Pena da Gernika-Lumoko txirrindularia ez dela sasoi onean iritsi Girora.

Gauzak hala, gaur beste Giro bat hasiko da igandean Erromako kaleetara iritsi aurretik. Ayusok beste zeregin garrantzitsu bat izango du: Del Torori maglia arrosa zaintzen laguntzea. Carapazek, berriz, gaurko, ostiraleko eta larunbateko etapa menditsuak izango ditu lagun lider jartzen saiatzeko. Visma taldeko Simon Yates britainiarra oztopo izaten ahaleginduko da.

CARAPAZ, INDARTSUENA

«Asko lan egin dut egoera honetara iristeko. Beste urte batzuetan ez nuen ez osasuna, ez zortea izan, baina altxatzen eta berriro saiatzen jakin nuen. Borrokan nago eta Erromaraino ez dut etsiko», azpimarratu zuen helmugan Carapazek.

Eta hala erakutsi zuen atzo. Piazzola sul Brenta eta San Valentino bidean ezusteko ugari gertatu ziren: Joshua Tarlingek erorikoa izan zuen euriagatik eta ospitalean amaitu zuen, Primoz Roglicek lasterketa uztea erabaki zuen, Egan Bernalek eta Carapazek berak erorikoak izan zituzten, Ayusok asko sufritu zuen ‘geldialdi tekniko’ batean ondoren faboritoen taldera iristeko...

Santa Barbarako igoerak txirrindularien ahuleziak agerian utzi zituen. Lehenik, UAEko liderra izan zen ‘kanporatuta’ geratu zena. Ondoren, Bernalek asko sufritu behar izan zuen atzeko partean, baina kolonbiarrak hortxe mantentzea lortu zuen. Aurrean, berriz, etaparen garaipena bi gizonen esku geratu zen, biak Astanakoak: Christian Scaroni eta Lorenzo Fortunato. Hauek Movistar taldeko Jefferson Cepeda utzi zuten atzean.

Eta, are atzerago, Carapazek behin betiko kolpea eman zuen, Del Toro liderra eta Simon Yates geldirik utziz. Ekuadorreko gizonak turboa ipini eta urduri jarri zituen aurkariak 6 kilometroren faltan. Aurretik, Fortunatok 27 urteko Scaroniri utzi zion irabazten, ibilbideko seigarrena eskuratzeko. Eta begirada guztiak atzera joan ziren berriro ere. Carapazek hortzak estutu zituen helmugaraino, ahaztezina izango den egunean.