Imanol CARRILLO
PILOTA

Iztuetak ez du sabairik eta Masterseko finalerdietan da Zabalarekin batera

Atzelari tolosarra onena izan da Legution jokatutako partidan, pilotakada bikain eta indartsu ugari emanda. Artola eta Rezustak osatutako bikoteari 15-22 irabazita, txapelketa honetako finalerdiak jokatzeko aukera izango du Javi Zabalarekin batera.

Martxel Iztueta, aurreko neurketa batean pilota astintzeko prest.
Martxel Iztueta, aurreko neurketa batean pilota astintzeko prest. (Oskar MATXIN | FOKU)

Negu partean ez zen bere mailarik onenean egon -halaxe onartu zuen Martxel Iztuetak berak atzoko neurketaren ostean-, baina tolosarra indartsu dabil azken hilabeteetan. Urrutiegi joan gabe, udaran, San Fermin torneoa irabazi zuen Lasorekin batera; eta gauza bera egin zuen Donostia Hiria eta Bilboko torneoetan bikote berarekin. Orain, aldiz, CaixaBank Masterseko finalerdietarako txartela eskuratu du, Zabalarekin batera, kolpe indartsuak erakutsiz eta Legution Artola-Rezustari irabaziz.

Hilaren 13an, Arnedon, azken jardunaldia jokatu beharko dute Zabalak eta Iztuetak, baina Nafarroa Arenako urriaren 2ko finalerdia jokatzeko txartela badute jada, Elordi-Mariezkurrena II bikotearekin batera.

Esan bezala, Iztueta atzoko neurketako onena izan zen. Berak markatu zituen denborak eta laster hasi zen bere maila erakusten. Izan ere, Zabalak lehengo bi tantoak kozinatu eta amaitu ostean, tolosarrak jo zuen lehen kolpean pilota oso atzera bidali eta 0-3koa ezarri zuen markagailuan. Are gehiago, jotako zortzigarren pilotakadan, gauza bera egin zuen (1-5).

BOLADAKA

Urdinak hasieratik kantxaratu ziren indartsu, eta 2-8 ere ipini ziren aurretik, baina dena erabakitzen hasia zela zirudienean, gorriak esnatu ziren. Hasieran kosta egin bazitzaion ere, Rezusta hobeto eusten hasi zen atzeko koadroetatik eta aurrean Artola asmatzen hasi zen. Horren erakusle da 6-8koa. Txokoan zegoela, pilota zabalera bidali zuen eskuin boleaz, Zabala zeharo engainatzeko (6-8).

Zortzina ere berdintzea lortu zuten gorriek, aurkarien huts bana aprobetxatuta, baina kosta egin zitzaien aurretik ipintzea. 10-9koan gertatu zen hori, eta nola gainera! Neurketan aipatu beharreko beste tanto eder batekin lortu zuen Artolak, ezker airez txokoan egindakoa, alegia.

Hortxe amaitu ziren gorrien aukerak. Atzokoan Zabala ez zen oso fin ibili erremateetan, baina maila handiko errematatzailea dela berretsi zuen Rezustak moztutako pilota baten aurrean txokotik zabalera ezkerrez jotako dejada ikusgarri batekin (11-13).

14-16koa partidako tantorik ederrena izan zen. Luzea, piloteatua, bizi-bizia… Rezustak oso defentsa ona erakutsi zuen eta Iztuetaren hutsa behartu zuen azkenean.

Hala ere, gorrien zenbait hutsek, Zabalak egindako zenbait sakek eta Iztuetaren kolpe bortitzek urdinen aldera eraman zuten partida. Atzelari tolosarra fin dabilenean…