Independentziaren inguruko galdeketa egingo dute Etxarri Aranatzen apirilaren 13an
Euskal Herriaren independentziari buruzko herri galdeketa egingo dute Etxarri Aranatzen apirilaren 13an. Galdera zehazteko eta ekimenaren berri emateko herri batzarra egingo dute urtarrilaren 4an.
Apirilaren 13an Etxarri Aranatzen erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko herri galdeketa bat egiteko deia egin zuen atzo Sakanako herriko biztanle talde batek. «Herri galdeketarekin benetako demokrazia batek bere dituen baloreetan sakondu nahi dugu, hala nola herritarren elkarbizitza, parte hartzea edota herritarren iritzia aintzat hartzea», nabarmendu zuten.
Herri galdeketan Euskal Herriaren independentziaren inguruko galdera bat proposatuko dute, herri batzar batean adostuko dena. Hain zuzen ere, urtarrilaren 4an ospatuko da herri batzar hori Etxarri Aranazko kultur etxean, 11.00etan. Galdeketaren inguruko zehaztasunez hitz egiteaz gain, galdera bera ere Etxarri Aranazko herritarren artean adostea da helburua.
Ekimenaren bultzatzaileek atzo adierazi zutenez, «prozesu honetan guztian ez dugu inolako jarrera jakinik hartuko. Soilik eskubide demokratikoak bermatu eta parte hartzea bultzatzea sustatuko dugu».
Miguel Markotegi, Oskar Lasa, Iñigo Orella, Pedro Lizarraga, Manu Gomez, Adur Goikoetxea, Yoli Ormazabal, Sagri Mauleon, Abdou Hablili, Jon Artieda, Olatz Aldasoro, Nere Martinez, Juanpe Agirre, Ixa San Martin, Onintza Goñi, Aimar Ijurra, Amets Mendiola, Ioritz Etxeberria eta Jurgi Kintanak osatzen dute herri galdeketa bultzatzeko taldea.
Hemendik aurrera informazio eta gizarteratze kanpaina martxan jarriko dute. «Hiru hilabete ditugu herritarrak galdeketaren inguruan informatu eta prozesu parte hartzaile batean murgiltzeko. Bide horretan herritarron inplikazioa eskatzen dugu. Etxarriarron esku dago. Prozesu honetan irabazle bakarra dagoelako: gure herria», nabarmendu zuten.
«2012. urtea, etxarriarron elkarbizitzan zein herritarron harreman emankorrean mugarri izan dela uste dugu. Iaz Etxarri Aranatz sortu zeneko 700 urteak ospatu genituen. Herri bezala daramatzagun 701 urteotan ohiturak erakutsi izan digu herritarrok modu kolektiboan hartu izan ditugula erabakiak. Hori azpimarratu nahi dugu hemen bildu garen herritarrok, eta, aldi berean, etorkizunean ere hala izatea nahi genukeela garbi utzi nahi dugu. Ez bakarrik hori, herritarren arteko harreman zuzenak iritzi guztien errespetuan oinarritzen direla ere uste dugu, eta bide horretan pausuak ematen jarri nahi dugu», adierazi zuten.
«Herri honen etorkizuna herritarron esku dago. Gure herria iritzi ezberdinak dituen herritarrez osatuta dago, eta, hortaz, iritzi horien guztien errespetuan oinarritua beharko luke gure herriaren etorkizunak», gaineratu zuten galdeketaren bultzatzaileek.
Horregatik, herritarrei galdetzea euren iritzia jakiteko modu naturala dela uste dute, eta, ondorioz, galdeketa era normalizatuan egitea espero dute. «Uste dugu Etxarri Aranazko herriak baduela heldutasun demokratiko nahikorik herritarroi iritzi guztiak aintzat hartuko dituen ariketa bat proposatzeko», nabarmendu zuten.