Belharratik mundura: Lapurdiko mamua agertu da eta mundu osoan ikusi dute
Urtarrilaren 7an Belharran izandako olatuen irudiek munduari buelta eman diote. Urautsian surflarien artean Shane Dorian bezalako pertsonaia ezagunak izan ziren eta horrek surf munduko komunikabide eta argazkilari garrantzitsuenak erakarri zituen gurera.
Kantauri itsasoan izandako azken itsaskiak utzitako irudiek munduari buelta eman diote eta surf aldizkari eta webgune guztietan albiste nagusi bilakatu dira. Asko izan dira Europako urautsi askotan ateratako argazkiak, eta asko izan dira olatu artean ibili diren surflariak, baina urautsi eta pertsona batzuek besteek baina oihartzun handiagoa izan dute.
Urautsien artean arreta handiena bereganatu duen lekua Belharra izan da, Lapurdiko mamu erraldoia. Surflarien artean, berriz, bi izan dira ikusmin handiena sortu dutenak: Shane Dorian eta Jamie Mitchell. Munduko olatu handietako bi surflari onenetakoak dira eta biak izan dira Belharran olatuak arraunean hartzen.
JAMIE MITCHELL
Jamie Mitchell 37 urteko australiarra oso ezaguna da olatu handien munduan, izan ere, behin baino gehiagotan hautatu dute XXL Awards izendapenetarako eta sari esanguratsuak ere irabazi izan ditu. Horrez gain, taula gainean arraun egiten distantzia luzeak egitea maite du, eta Hawaiin irla batetik bestera egiten diren halako txapelketetan ere sari garrantzitsuak irabazi izan ditu. Molokaitik Oahuko irlara egiten den lasterketa ospetsua, esaterako, birritan irabazi du.
2008an Billabong XXL izendapenetarako hautatu zuten Mitchell Todos Santosen hartu zuen olatu bati esker. Urte berean, Nelscott Reef Big Wave Classic txapelketan bigarren postua eskuratu zuen. 2009an, berriz, Maverick's Big Wave Contest txapelketa irabazi zuen, eta, hiru urte geroago, Australiako olatu handien txapelketa irabaztearekin batera, ohorezko lekua egin zioten Australiako Ospearen Aretoan (Australian Hall of Fame).
Mitchell eskuin surflaria da eta bere olatu faboritoa Waimea da, baina ur hotzetako olatuetan ere berdin-berdin aritzen dela erakutsi zuen Belharran. Izan ere, eguneko olatu handienetako bat berak hartu zuen. Motoaren laguntza izan gabe hartu zuen olatua, arraunean, eta olatu erdian erori egin zen.
Honela kontatu zuen Mitchellek bizitako esperientzia: «Leku egokian nengoen olatua hartzeko, baina nire materiala ez zen hoberena; 11 oineko taula bat nuen, baina arinegia zen. Halako baldintzetan taula astunagoa behar da. Zutitu eta olatua jaisten hasi nintzen, eta taularen azpialdean haizeak kontra nola egiten zidan nabaritu nuen. Orduan ufada batek bota ninduen eta ur masak irentsi egin ninduen».
Pasa den urtarrilaren 7an Belharran arraun egiten surfean aritu zen beste surflari ezaguna Shane Dorian izan zen.
SHANE DORIAN
Shane Dorianek erakarri zituen surf munduko komunikabide eta argazkilari esanguratsuenak, eta, hein batean, berari esker Belharrak are eta ospe handiagoa hartu duela esan daiteke.
Olatu handien XXL izendapenetan Dorian behin baino gehiagotan izan da saritua. 2006an, esaterako, tubo handienaren saria jaso zuen Teahupoko olatu erraldoi batean tow-in bidez hartutako tubo bati esker. 2012an arraun eginda Jawsen hartutako olatu batekin bi sari lortu zituen, tubo handienaren saria eta arraun eginaz hartutako olatu handienaren saria. Iaz ere, Jawsen hartutako olatuei esker eskuratu zituen bi sari nagusiak. Izan ere, hawaiiar honek ezin hobeto ezagutzen du Maui irlan aurkitzen den munduko olatu beldurgarrienetakoa, ez diote alferrik deitzen Jaws; alegia, «masailezurra».
Shane Dorian olatu handietan bakarrik ez, edozein motako olatuetan bikain aritzeko gai da. Egun 41 urte dituen surflari honek 11 urte egin zituen goi mailan lehiatzen. 1993tik 2004ra ASP zirkuituko WCT itzulian aritu zen eta emaitza onak ere bildu zituen tartean. 2000. urtean, esaterako, berak irabazi zuen Mundakan egin zen munduko txapelketa.
XXL sariak eskuratzeko asko arriskatu behar da, bizia bera ere kolokan egon baitaiteke zenbait olatu hartzerako orduan. Dorianek, baina, garbi dauka bera ez dela kamikaze bat: «Olatu handietan surf egitea beti da arriskutsua, baina nik ez dut hau arriskutsua delako egiten, olatu handietan surf egitea maite dudalako baizik. Egunaren amaieran etxera itzuli eta familiarekin egon nahi dut, beste edonork bezala».
Horregatik parte hartu zuen salbamendu txaleko berezi bat asmatzeko lanetan. «Billabong V1» deitu zuten diseinatutako neoprenozko jantzia; sokatxo batetik tira eginez aire poltsa bat puzten da bizkarraldean, eta, hala, surflaria gainazalera bultzatzen du. Sistema baliozkoa dela frogatu zuen Dorianek eta egun olatu handietan aritzen den surflari askok erabiltzen du txalekoa.
Dirudienez, Shane Dorianek azken unean erabaki zuen Euskal Herrira Belharran surf egitera etortzea. Honela zioen: «Nik ez nuen halako aukera galdu nahi, itsaski benetan ezohikoa baita. Belharra izateko olatuen tamaina normala zen, baina olatuak erraldoiak dira arraun eginaz hartzeko eta leku egokian egotea oso zaila izaten da».
Belharran surf egitea zein zaila den adierazi zuen hawaiiarrak:«Ez dago arrokarik edo erreferentziarik. Itsasoan barrena pare bat miliatara sortzen da urautsia. Ez dago furunkulurik, han zaude ezerezaren erdian olatua non eta noiz altxatuko den zain, non eseriko zaren asmatu nahian. Gauza bakarra desio duzu: olatua etortzean buru gainean ez lehertzea».