Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Belharra, urteko erorketen XXL izendapenetan

Belharran hartutako olatu bat izendatu dute, XXL Urteko Erorketa kategorian.


Pasa den astean aurtengo XXL hautapenetarako zenbait kategoriatan izan diren izendapenak aditzera eman ziren; hala nola «urteko surflaria», «olatu handiena» eta «arraun eginaz hartutako olatu garaiena» kategorietan hautatuak izan daitezkeen lehiakideak zeintzuk diren jakin ahal izan genuen.

Egun batzuk geroago beste hiru kategorietan hautatuak izateko epaileek izendatu dituzten lehiakideen berri eman dute Billabong XXL Awards lehiaketako antolatzaileek. Berriz ere Belharrako irudiak izendatu dituzte. Gauzak horrela, orain artean jakinarazi dituzten izendatu guztien artean bi baino ez dira epaileek kontuan hartu dituzten irudi europarrak. Biak ere joan den urtarrilean Belharran hartutako irudiak dira. Aurten, kontinente zaharrean izan diren itsaskiak kontuan hartuta Europako urautsietan jasotako irudiek lortutako izendapenak oso gutxi dira.

Jamie Mitchel australiarrak Belharran hartu zuen olatu erraldoi batean izan zuen erorketa da izendatua izan den irudia. «Urteko erorketa» kategorian izendatu dute Belharra, Mavericksen eta Teahupoon, Shaun Dollar, Alex Martins, Alain Riou eta Koa Rothman surflariek izandako erorketekin batera.

Girls Performance Award emakumezkoen kategorian ere ez da Europako urautsirik, ez eta surflari europarrik ere. Brasil eta AEBetako olatuak baino ez dituzte izendatu.

Best Overall Performance Award kategorian ere, europarrik ez. Urtean zehar izandako errendimendu edo garapen onena saritzen duen kategorian izendatuak izan diren surflariak ondorengoak dira: Grant Beaker hegoafrikarra, Shane Dorian hawaiiarra, Greg Long eta Shaun Dollar kaliforniarrak eta Jamie Mitchell australiarra.

Lehen itzulian izendatuak izan diren lehiakideak aurkeztu dituzte. Orain, bigarren itzuli batean, izendatuak izan diren lehiakide horien artean hautatuak nortzuk izango diren jakitea falta da. Horren berri maiatzean emango dute antolatzaileek.

Honi buruzko guztia: Surfa