Ion SALGADO

Euskararen erabilera sustatzeko estrategia

Lakuako Gobernuak Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu zuen atzo Lehendakaritzan. Datozen bi urteetan 168 ekintza zehatz martxan jarriko ditu euskararen ezagutza zabaltzeko, euskararen erabilera handitzeko eta hizkuntzaren kalitatea hobetzeko.

Euskararen Agenda Estrategikoak euskararen ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea eta kalitatea hobetzea ditu helburu. Zehazki, agendak euskararen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan «aurrerapauso neurgarriak» eman nahi ditu. Besteak beste, euskal biztanleriaren euskara gaitasun orokorrean, biztanleria elebakarraren euskarazko oinarrizko ezagutzan, merkataritza gune handietan eta zerbitzu unibertsalak ematen dituzten enpresa handietan kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak duten betetze mailan, eta herritarren euskararen erabileran eta biztanleriaren euskarekiko atxikimenduan eragina izan nahi du.

Lehendakaritzan atzo egindako prentsaurrekoan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek azaldu zuenez, aipatutako helburuak lortzeko Gasteizko Gobernuak 335 milioi euro, 13 lan ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza konkretu definitu ditu. Esate baterako, euskara ardatz duen hezkuntza sistema eleaniztun batean ikasleek, ahoz eta idatziz, bizitzaren alor desberdinetan, bi hizkuntza ofizialak era egokian eta eraginkorrean erabiltzeko gaitasuna izatea bermatu nahi du Lakuak.

Era berean, euskararen ezagutza bizitza osorako ikaskuntzaren markoan txertatzea, euskaltegien sarean oinarrizko A1 eta A2 mailak ezartzea, euskararen erabilera sozialerako aukerak areagotzea eta gazteen harreman eta komunikazio esparruetan eta bitartekoetan euskararen presentzia handitu dadin sustatzea agertzen dira Lakuak prestatutako ekintza zerrendan. Herritarren gehiengo nabarmena elebidun izanik euskaldunenak diren gune geografikoetan administrazioak euskaraz normaltasunez funtziona dezan bultzatzea ere aipatzen da.

Prentsaurrekoa bukatzean, Uriarte sailburuak eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak Euskararen Agenda Estrategikoa, «Bizikidetzarako hizkuntza bizia» goiburua duena, aurkeztu zuten Arabako hiriburuan bildutako gizarte eragileen aurrean. Iñigo Urkullu lehendakaria ere ekitaldian izan zen, eta hitza hartzean, nabarmendu zuen euskaldunek gero eta gehiago erabili behar dutela euskara. «Erabili, erabili eta, berriro ere, erabili. Horretan dago gakoa: erabiltzeko aukera guztiak gehiago baliatzea, euskaraz gozatzea. [...] Helburua beti da bat eta bera: elebitasun gero eta orekatuago bat, gero era gizarte kohesionatuago baten mesedean. Horrek eskatzen du, besteak beste, gero eta herritar elebidun gehiago, gizarte gero eta elebidunago batean, euskara gero eta gehiago erabiltzen duen gizartea», esan zuen.